Aizkora Urrezko lehiaketa
Ligaxkan sar litezkeen hautagaietako batzuk lehian hastear dira
Bigarren kanporaketak izango dira gaur Zegaman eta, bihar, Dorraon eta Zumaian. Bakoitzean bederatzi aizkolari arituko dira, eta bik egingo dute aurrera.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako bigarren jardunaldian izen garrantzitsuak, ligaxkan egon litezkeen aizkolarietako batzuk, agertzen dira, nahiz eta lan labur hauetan edozer gerta daiteken. Bigarren jardunaldian ere hiru saio jokatuko dira. Bakoitzean bederatzi aizkolari arituko dira eta bakoitzetik bi sailkatuko dira.
Zegaman hasiko da jardunaldia gaur 19.30etik aurrera, eta bertan aizkolari hauek arituko dira: Ugarteburu, Txapartegi, Elorriaga, Mugertza III.a, Esnaola, Ruben Saralegi, Kañamares III.a, Rodriguez I.a eta Pellejero. Azken bi horiek joan den jardunalditik datoz, eta beste guztiek aurreneko ekinaldia izango dute.
Bihar, berriz, bi jardunaldi izango dira ikusgai. Goizean, Dorraon izango da saioa 12.00etatik aurrera, eta bertan honako bederatzi aizkolariak arituko dira: Eneko Saralegi, Etxeberria, Senosiain II.a, Manolo Kañamares, Erdozia, Resano, Mugertza II.a, Beltza eta Eraso. Azken hauek lehen kanporaketa gainditu behar izan dute; besteek, berriz, lehenengo neurketa izango dute.
Ohiko jaialdia
Urrezko Aizkora hasi zenetik, badira herri batzuk urtero ekitaldi bat hartzen dutenak, eta horietako bat da Zumaia. San Telmo jaien barruan lehiaketa honetako ekitaldi bat hartzen du. Bihar izango da hori 17.30etik aurrera.
Mugertza I.a, Etxebeste, Zubizarreta, Telletxea, Mujika, Ohian Larretxea, Olano, Irazabal eta Kastro neurtuko dira. Azken bi hauek joan den asteburuko kanporaketak gainditu behar izan dituzte, eta besteek, berriz, lehen saioa dute.
Izen handi asko dira bigarren kanporaketa honetan, baina egin behar duten lana kontuan hartuta, faboritoak zeintzuk diren jakitea oso zaila izango da. Hiru ekinaldietan prozesu bera izango da eta bik lortuko dute sailkapena.
Ekinaldi bakoitzean bederatzi aizkolari izango direla kontuan hartuta, saio bakoitzean hiru multzo egingo dituzte, eta hiruna aizkolari arituko dira. Hortik azkeneko sailkatuak bakarrik geratuko dira kanpoan, eta beste saio bat jokatuko da. Oraingoan, bi multzotan banatuta. Hortik, multzo bakoitzeko onena, eta bigarren geratzen direnen artean onena sailkatuko da, eta amaieran hiru geratuko dira.
Hirurak elkarren aurka neurtu ostean, lehen biek lortuko dute hurrengo faserako sailkatzea, eta hirugarren geratzen dena, berriz, ordezko gisa geratuko da, hurrengo kanporaketan horietakoren batek huts egiten badu jokatzeko. Neurketa guztietan enbor bat zeinek azkarrago moztu izango da egin beharreko lana.
Eneko Saralegi izango da aurtengo Urrezko Aizkorako aizkolaririk gazteena. Gazte mailako Euskal Herriko txapelduna da, eta bihar eguerdian arituko da Dorraoko saioan.
Mieltxo Saralegiren iloba da Eneko. Bere anaia zaharra ere lehiaketa honetan arituko da, eta hori ere gazteenetakoa izango da, izan ere, 19 urte besterik ez baititu. Gaur Zegamako saioan izango da lanean.
Enekorengan itxaropen handia dago jarria, baita bere anaia zaharrarengan ere. Horiekin batera Olano dabil, hau ere 19 urtekoa, eta Leitzako hiru aizkolari gazte hauekin aizkora zaleek ez dute itxaropen faltarik. J.L.
Ugarteburu, Txapartegi, Etxeberria, Ohian Larretxea, Mugertza II.a, Mugertza I.a eta Mujika dira asteburu honetan sailkapena lortzeko faborito nagusiak.
Urrezko Aizkorako lehen jardunaldietan oso lan laburrak izango dira, eta guztietan enbor bat zeinek azkarrago moztu neurtuko dira. Horrek ezusterako ateak zabalduko ditu.