Manex Erdozaintzi-Etxarten obrari eta bizitzari buruzko liburua kalean da
Ainize BUTRON | BAIONA
Agurtzane Ortiz Lopetegik Manex Erdozaintzi-Etxarten literatura lana publiko zabal bati ezagutarazteko liburua kaleratu berri du. Bertan, biografia aipatzeaz gain, Erdozaintzi-Etxarten olerkien azterketa egiten du.
Ortiz Lopetegik Euskal Filologiako ikasketen baitan egindako tesian oinarritzen da liburua. «Manex Erdozaintzi-Etxart, herriaren poeta» izenburuarekin, bi atal nagusiz osatua da lana: biografia, alde batetik, eta azterketa literarioa bestetik.
«Ezin da Manex aztertu bere garaiko testuinguru politikoa edo erlijiosoa kontuan hartu gabe. Aljeriako gerra, Txileko eta Nikaraguako gertakariak, ikastolen mugimendua eta 68ko maiatza bere obra eta erabakietan islatzen dira. Bere begiradatik garaiko historia ikus daiteke», argitu zuen Ortiz Lopetegik.
Gai anitzak
Bigarren atalean, berriz, idazlearen literatura lan ezaguna zein sekula argitaratua izan ez dena aztertzen du Ortiz Lopetegik. Idazten nola hasi zen eta idazle noiz bilakatu zen erantzuteaz gain, olerkien edukiari buruz ere hitz egiten du.
«Garai horretan ez zegoen eskolarik, ez euskaraz idazteko eran eredurik ere. Beraz, norberak segitzen zuen bere eredua», nabarmendu zuen. Horrenbestez, Erdozaintzi-Etxarten obra asko argitaratu gabe zeudela erran zuen idazleak.
Manexen olerkien inguruan, hiru «dimentsio, gai edo paisaia» ezberdin agertzen direla azaldu zuen. Tradiziotik harturiko poesia naturalista idazlearen obran pisu handikoa da, eta horri loturiko olerkietan lurrari, etxeari eta amari loturiko gaiak aipatzen ditu.
Horrekin, biziaz edo mundu berriaz hitz egiten duen poesia humanistaren bigarren multzo bat nabarmendu zuen Ortiz Lopetegik. Eta, azkenik, poesia sozial-militantea deituriko sailean, gizartearen bidegabekeriak salatu eta Euskal herria aipatzen zituela adierazi zuen. Manex Erdozaintzi-Etxarten obrak eremu zabala ukitzen zuen, beraz, aberritik, jainkoa, laborantza edo langileen egoera azaltzen zituen.
«Pertsona maitatua izan da, oso harreman ona zuen idazleekin, eta, bere bizitzan aktiboa izan da. Jendearen pentsamoldea astindu nahi zuen. Hegoaldea ikusten zuen mugitzen, eta, hemen zerbait egin behar zela uste zuen», gaineratu zuen idazleak. Kaleratu berri den liburua eta, bereziki, Donapaleun bizi izan den Manex Erdozaintzi-Etxart fraidearen obra eta bizia ezagutarazteko aurkezpenak antolatuko ditu Elkarrek.