GARA > Idatzia > Kultura

Kepa Altonagak Darwinen teoriak gurean izan zuen oihartzuna eta eztabaida azaleratu ditu

Pamielak argitaratu berri duen «Darwin gurean» liburuak jaso du 2009ko Juan Zelaia Saiakera Saria. Bertan, Darwinen eboluzioaren teoriak Euskal Herrian jaso zuen arreta azaleratzen du Altonagak.

p042_f01_097x156.jpg

A. BILBAO | IRUÑEA

Iruñean aurkeztu zuen atzo Pamiela argitaletxeak Kepa Altonaga bizkaitarraren «Darwin gurean» saiakera, 2009ko Juan Zelaia Saria lortu duena.

Zendu berri den Joxemiel Bidador, Anuntxi Arana, Bixente Serrano Ixko, Pilar Yoldi eta Jose Angel Irigaray izan ditu sariak epaimahaikide, eta gehiengo osoz aukeratu dute Altonagaren lana: «Gure aroan oraindik ere, eta berriz ere, puri-purian dagoen gaia -darwinismoa- euskal munduan izaniko eragina aztertuz ongi dokumentaturiko lana jakinduriaz eta gaitasun handiz garatu duelako. Bertan, Darwinen teoria azaldu zenez geroztik, XX. mende erdialdera arte, berri eta aurkikuntza interesgarriz beteriko bidaia erakargarria proposatzen da, mailako dibulgazio zientifikoan eta gai horri buruz erreferentziazko lana izanen dena burutuz».

Iraultza zientifikoa

Hautespen natural bidezko eboluzioaren teoria 1838an bururatu zitzaion Darwini -«Espezieen jatorria» 1859an argitaratu zuen-. «Hautespen naturalak zientifikoki azaldu zuen gure presentzia unibertsoan, eta bide batez, jainkoen edota diseinatzaileren baten beharra ezabatu zuen, eta beren patuaren jabe bihurtu zituen gizon-emakumeak».

Ordura arte bizidun guztiak Jainkoak sortuak zirela sinesten zen, Bibliak esan bezala, eta esparru zientifikoa gainditu eta, gizartearen alor guztietaraino heldu ziren Darwinen esanak iraultzaile suertatu ziren.

Europa osoan izan zuen eragina eboluzioaren teoriak, baita gurean ere. Eta Euskal Herrian darwinismoak bizi izandako gorabeherak dira «Darwin gurean» liburura Kepa Altonagak ekarri dituenak, haren aldekoak eta kontrakoak aurkeztuz, eta harrera-prozesua hobeto ulertzeko hariak nabarmenduz. Eta guzti hau oso modu entretenigarri eta ulerterrazean, dibulgazio saiakeretan horren ohiko izaten ez dena.

Izan ere, abentura handi bat bezala planteatzen du gaia Kepa Altonagak. Barkoxeko Leon Uthurbururekin XIX. mendean hasten den bidaia, Darwinek bisitatu zituen Galapago uharte urrunetan...

Altonaga, zientziaren dibulgazioari emana

Kepa Altonaga (1958) bizkaitarra, haurtzaroa Txorierrin igaro eta Bilbon kokatu zen. Biologia ikasketak burutu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologiako irakaslea da egun, Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Makina bat ikerketa burutu ditu eta Gasteizko Legebiltzarrak Munibe Saria eman zion bere ikerketa taldeari 1992an. Udako Euskal Unibertsitateko kidea da 1978a geroztik -1992-95 artean bertako zuzendari ere izan zen-. UZEI, Elhuyar eta Euskaltzaindiarekin lan egin izan du eta idazlan ugari plazaratu ditu «Darwin gurean» argitaratu baino lehen. Horien artean, dibulgaziokoak ditu gogokoenak. «Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan» (Elhuyar, 1998), «Armand David, pandaren aita» (Elhuyar, 2001) eta «Etxepare, Aldudeko medikua» (Euskaltzaindia/EHU, 2006) dira argitaratu dituen lanetako batzuk. «Darwin gurean» azken liburuarekin (Pamiela), 2009ko Juan Zelaia Saiakera Saria eskuratu du. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo