CAFeko langileek kaleratzeak saihesteko neurriak eskatu dizkiote enpresari
GARA
CAFeko langileek enpresak iragarri dituen kaleratzeen aurkako manifestazioa egin zuten atzo Beasainen, «Enpleguaren alde. Kaleratzerik ez» lelopean. CAFek 40-60 behin-behineko langile kaleratzeko asmoa du datozen egunotan -margolariak, argiketariak, muntatzaileak eta tutu-jartzaileak-. Enpresak langile horientzako lanik ez dagoela esaten du.
Adolfo Masid enpresa batzordeko LABeko ordezkariaren ustez, enpresak eta sindikatuek pertsona horiek ez kaleratzeko irtenbide bat bilatu behar dute. «Bila dezagun», luzatu zion enpresari. Modu horretan enpresaburuek duten irtenbiderik errazena saihestuko dela uste du, hau da, «lehenengo behin behineko langileak kaleratzea eta gero ez dakite zer». Masidek gogorarazi zuen CAFek gaur egun bere historiako eskaera kopururik handiena duela, 4.335 milioi eurokoa, eta etekinak iaz ere inoiz lortu izan dituzten handienak izan zirela -133,6 milioi-.
Datu horiek, bere iritziz, «guztiz sinestezin» bihurtzen dituzte kontratuak ez berritzeko enpresak baliatutako argudioak. Langileek bi orduko lanuzteak egingo dituzte asteartean, asteazkenean eta ostegunean. Asteazkenean beste manifestazio bat egingo dute Ordizian.