GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier Izaga Irakaslea

Poza eta beldurra sentitzekoa

 

Gogoan dut Anjel Lertxundik igandean argitaratu zuen zerrenda. Absolbitzen bazituzten, poztu egingo ginela zioen, «baina (...) inork ez diezagula ospakizuna ozpindu demokraziaren garaipen bat izan dela esanez». Eta absolbitu egin dituzte eta, Lertxundik arrazoi, ez da demokraziaren garaipena izan, bakarren batek hala esan badu ere. Ebazpenak berretsi egin du «Egunkaria auzia» bidegabekeria ikaragarria izan dela burutik burura. Bidegabekeria bat gehiago.

Ikaragarria da gero. Euskal Herriko herritarren parte handi bat Estatuaren susmopean dago eta, ondorioz, bere burua horrelako auzi batean nahastuta aurkitzeko arriskupean. «Egunkaria auziko» hanka-sartze nabarmena konpondu nahi izan zutenerako, Fiskaltza, berandu eta gaizki, kasua artxibatzen saiatu zenerako, kaltea eginda zegoen. Hartara, bost lagun horien absoluzioak eman digun pozak ezin du estali, are gutxiago ahantzarazi, igaro dutena, lanik gabe gelditu zirenak, egunkari bat, beste bat, itxi zutela. Ezta gaur egun beste hainbat kazetari eta bestelako herritar giltzapean daudela ere, atzo jakinarazitako ebazpenak goitik behera deuseztatu dituen akusazioen pean.

Espainiar justiziak funtzionatu egiten duela...? Atzoko ebazpenak hain justu guztiz kontrakoa erakusten du. Ez da inongo sekretua Madrileko Auzitegi Nazionalaren izaera politikoa dela, Estatuaren estrategia politikoen zerbitzuko egitura juridikoa den aldetik.

Esan bezala, poza sentitzeko moduko ebazpena, dudarik ez, baina auziak, beste askok bezala, beldurra sentitzeko moduko sentsazioa utzi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo