GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ABSOLUZIOA «EGUNKARIA AUZIAN»

Martxelo Otamendi: «Pozik gaude, baina partida ez da bukatu»

p006_f01_97x128.jpg

Manex ALTUNA | BILBO

Epaiaren berri izan bezain laster komunikabideen deiak jasoz eta adierazpenak eginez aritu zen atzo Martxelo Otamendi. «Euskaldunon Egunkaria»ko zuzendari kazeta itxi zutenean eta egun «Berria»ko zuzendariak sententziari buruz egindako lehen adierazpenetan nabarmendu zuen auzipetu guztiak pozik daudela absoluzioarekin eta eskerrak eman zizkien babesa agertu eta eurengan konfiantza izan duten norbanako eta erakunde guztiei. Gaur goizean Martin Ugalde Kultur parkean egitekoa den agerraldian auzipetu guztiek abokatuekin batera sakonago aztertuko dute epaia eta beren iritzia emango dute.

Hala ere, Otamendik komunikabideei egindako adierazpenetan Euskal Herriak azken urteetan jaso duen «albiste hoberenetako bat» dela azpimarratu zuen. Beren iritziz, Madrileko Auzitegi Nazionalak emandako epaia «auzipetuen, `Egunkaria' enpresaren, `Egunkaria' irakurtzen zutenen, `Egunkaria' lagundu zutenen, `Egunkaria'ren alde egin zutenen eta jende askoren errugabetasunaren aitortza da».

Poza erakutsi arren, oraindik itxaron beharra dagoela ohartarazi zuen Otamendik, «oso litekeena» baita «galdu dutenek» Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztea. «Kontuz ibili beharko dugu, partida ez da oraindik erabat bukatu eta bigarren zati bat jokatu behar da». «Auzitegi Gorena ez da futbolzelai xamurra jokatzeko», gaineratu zuen.

Auzi ekonomikoari buruz ere mintzatu zen. «Berria»ko zuzendariak adierazi zuenez, auzi ekonomikoaren «akusazio nagusia iruzur fiskala egin izana da, ETArekin lotuta. Absoluzio honen ondorioz gu ez bagara ETAkoak, delitu ekonomiko hori, ustezkoa, baldin badago, delitu fiskal normal bat izango litzateke. Automatikoki atera beharko luke Auzitegi Nazionaletik eta Tolosako epaitegira edo Donostiakora etorri, edo igual bertan behera utzi Auzitegi Naziona- lean bertan».

Otamendiren iritziz, «gu ez bagara ETAkoak aurrenekoan, ez dauka zentzurik esateak delitu ekonomikoak ETArekin lotuta eginda daudela».

Kalte-ordainak eskatu

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, auzipetuek kalte-ordainak eskatzeko asmoa ote duten galderari erantzunez, «partida osoa jokatu arte» itxaron beharko dutela esan zuen Otamendik. «Joan Mari Torrealdaik behin esan zuen bezala, lehendabizi absoluzioa, gero Justizia. Absoluzioa Gorenean ere lortu behar dugu eta helegitea aurkezteko inolako aukerarik ez dagoenean, aztertu beharko dugu», azaldu zuen.

Bestalde, Xabier Oleagak kontuak eskatzeko «arrazoiak» daudela nabarmendu zuen. Hala ere, zer egin dezaketen, abokatuekin aztertu beharko dutela adierazi zuen.

Auzipetuak

Iñaki URIA

Epaiketan azaldu zuen bezala, euskalgintzan aritu da beti Medikuntza ikasketak hasi zituen arren. 1980an «Susa» literatura aldizkarian idazten hasi zen, eta hortik gaur egun «Argia» aldizkaria denera igaro zen. Egunkaria Sortzen taldeko sustatzaileetako bat izan zen eta «Euskaldunon Egunkaria»ko zuzendariordea, proiektua jaio zenean. 1992 eta 1993. urteen artean, zuzendari kargua bete zuen Martxelo Otamendik ordezkatu arte. Hortik aurrera, «Egunkaria»ko kontseilari ordezkaria izan zen Guardia Zibilak kazeta itxi arte. 2006 urtetik Hamaika Telebistako zuzendaria da.

Joan Mari TORREALDAI

Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Parisen eta Soziologian doktoratu Deustuko Unibertsitatean. Egunkaria Sortzen taldeko bozeramailea izan zen Martin Ugalde eta Joxemi Zumalaberekin batera euskarazko egunkaria sortu aurreko hiletan. «Euskaldunon Egunkaria» argitaratzen hasi zenean Kontseilu Editorialeko lehendakaritza hartu zuen, eta urteak egin zituen karguan, Administrazio Kontseiluko lehendakari izendatu zuten arte. Era berean, «Jakin» aldizkariko zuzendaria da 1977tik, eta euskal kulturgintzan esanguratsuak izan diren hainbat libururen egilea. 2007ko azarotik Euskaltzaindiko kidea da.

Txema AUZMENDI

Egunkaria Sortzen herri ekimeneko bultzatzaileetako bat izan zen eta euskarazko kazetaren proiektua gauzatu zenetik Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen. 1968an sartu zen jesuita eta hamar urte geroago apaiztu zen. Filosofian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta Alemanian, berriz, Teologian. Herrien eskubideei buruz egin zuen tesia. Urtebetez Filosofia ikasketak eman zituen Deustun, eta Azpeitiko Iraurgi ikastetxean hiru urte eman zituen irakasle. Herri Irratian saioak egiteari ekin zion 1988an, eta zuzendariordea izatera ere iritsi zen. Joan den abuztuan egin zuen azken irratsaioa.

Xabier OLEAGA

AEK-ko sortzaileetako bat izan zen, gaztetatik murgildu zelarik euskararen munduan. «Punto y Hora de Euskal Herria» aldizkarian hasi zen kazetari. Ondoren, «Egin» egunkarira pasatu zen eta 1990ean zuzendari izendatu zuten. Bi urte geroago kargua utzi eta kazetari lanetan jarraitu zuen. 1995etik «Egunkaria»n zuzendariordea izan zen. 1997an Partaide ikastolen elkartean hasi zen lanean, batzordeko kide eta komunikazio arduradun gisa. 2009tik Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban komunikazio aholkularia da. Hainbat urte egin ditu Orereta ikastolako lehendakari karguan ere.

Martxelo OTAMENDI

Egunkaria»ko zuzendaria izan zen 1993ko ekainetik kazeta itxi zuten arte eta bera da «Berria»ko zuzendaria 2003 urteko ekainetik. Euskarazko klaseak eman zituen Tolosan eta 1984an «Egin» egunkarian idazteko aukera eskaini zioten. 1980ko hamarkada bukaeran eta 1990eko hasieran EITBn aritu zen lanean, eta hainbat saiotako zuzendaria izan zen. Aldi berean, Tolosako Galtzaundi euskara taldean ere aritu zen Martxelo Otamendi, eta kazetariek eta herritarrek zuzenean euskarazko adierazpenak jasotzeko gune bat behar zutelakoan, Galtzaundi Foruma abiarazi zuen. Euskal Herriko pertsona ezagun asko pasatu ziren bertatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo