GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ustelkeria kasuak epaitegietara iristea bitxia gertatzen da. Zer esan nahi du horrek...?

Ez da ohikoa ustelkeria kasuak epaitzea. Egia esan, kasu horiek ikertzea ere ez da ohikoa. Batzuek uste bide dute horrek erakusten duela ustelkeria kasuak ezohikoak direla, baina beste askok uste dute ez direla horren ezohikoak; horregatik, kargu publikorik ez duten herritar «arruntek» egindako delituak bezain zorrotz ikertu eta zigortzen ez diren irudipena dute. Nolanahi ere, bitxia gertatzen da Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako buru ohiak 11 urteko kartzela-zigor eskariari aurre egin behar izatea, ustez hainbat enpresa txiki eta ertain mesedetzeagatik. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren ikerketaren arabera, Ibarrak agiri publikoa faltsutu eta eroskeria onartu zuen, besteak beste. Ibarra eta berarekin batera epaituko dituzten beste bi funtzionarioren erruduntasuna edo errugabetasuna epaileek erabakiko dute, haien aurkako frogen sendotasunaren edo ahultasunaren argitan; beraz, ez litzateke zuzena epaileek baino lehen epaitzea. Hala ere, saihestezina da herritar askoren irudipen hori, ikertzen diren kasu bakanak icebergaren tontorra baino ez direla, alegia. Bestela esanda, ez dagoela ustelkeria eragozteko borondate sendorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo