Igor Aldalur eta Maialen Fdz. de Pinedo «Manu Pirata»-ren izenean
30 urte, ametsak egia bihurtzen hasi ginenetik
Kaixo, kaixo, kaixo! Zer? Ez nauzuela ezagutzen? Nola da hori posible? Manu Pirata naiz. Zazpi itsasoetatik barrena nabigatu duen pirata ausarta naiz. Mundu osoko ur nahasietan zehar ibilitakoa. Nire bidaia eta abentura ikaragarri eta xarmangarrietan, lurralde, paraje eta txoko zoragarriak ezagutu ditut, zein baino zein politagoak.
Urte luzeetan batetik bestera gelditu gabe ibili ondoren, lurralde ezezagun batera iritsi nintzen halako batean. Berria zen lurralde hori niretzat, eta itsasontzia herri sarreran dagoen askan aparkatuta, irla ezagutzera abiatu nintzen. Zerbait berezia zuen Nafarroako herri hark!
Hasieratik antzeman nuen tripan sentsazio lasaigarri bat. Herri txikia zen Goñi, txikia eta lasaia. Hasieran ez nuen inor ikusi; hutsik egongo ote zen? Bat-batean etxe bateko leihotik buru bat atera zen, ile luzedun emakume aurpegi polit bat... Mari zen. Dorrekoa etxeko nagusia. Bazkaltzera gonbidatu ninduen kortesiazko agurra egin eta gero. Bai eta bere etxea eskaini ere, ingurua hobeto ezagutzeko aukera izan nezan.
Garai hartan, hizkuntza ezberdina hitz egiten genuen arren, nahiko erraz elkar ulertu genuen. Egunak konturatu gabe pasa zitzaizkidan bertan, egun bat, bi, hiru, lau... Goñi inguruko txoko eta bazterrak ezagutzeaz gain, Mariren lagun ugari ezagutzeko aukera ere izan nuen: basandereak eta basajaunak, lamiak, galtzagorriak, ipotxak, sorginak... Konturatu gabe inguru hartaz eta pertsonaia haietaz maitemindu nintzen.
Mariri bere etxean denboraldi batez gelditzeko baimena eskatu nion orduan, eta erantzuna baiezkoa izan zen, baina hiru baldintza jarri zizkidan: 1. Goñiko baso, mendi, erreka, zelaiak nahiz bertan bizi direnak errespetatzea; 2. etxean elkarlanean aritzea, eta 3. euskaraz aritzea.
Goñin pare bat hilabete eramango nituela, Mari sorpresa berri batekin etorri zitzaidan. Uztailean, Euskal Udalekuen eskutik, Euskal Herriko ehunka marinelen bisita izango genuen! Adinaren arabera eta hiru txandatan banatuta, ehunka neska-mutil etorriko ziren gurera. Hori bai hori abentura xarmangarria! -pentsatu nuen nik-. Hainbat gazte ere etorri ziren laguntzera. Gaur egun ehun inguru diren gazte eta ez hain gazte horiek ume horien dantza, kanta eta irrien truke gogor lan egitera datoz! Batzuk begirale bezala, beste batzuk «milo» bezala eta sukaldari bezala besteak. Udaldian gure altxor eta sekretuen gordeleku bihurtzen dugun etxea urtean zehar prestatzen dutenen taldea ere gogor aritzen da! Eguneroko errutinatik irten eta Goñira datoz gazte hauek, ametsetako irla komunitario honetan murgiltzera.
Badakizue? Balio amaigabeko giza baliabide boluntario honi esker, 30. urteurrena ospatzen dugu aurten! 30 urte pasa dira lehenengo udaleku haiek antolatu genituenetik. 30 urte elkarlanean, errespetuan eta orekan bizitzen hasi ginenetik. 30 urte Goñiko irla honetan ametsak egia bihurtzen hasi ginenetik. Hau guztia ospatzeko, apirilaren 17rako jaialdia antolatzen ari gara. Jaialdi xumea izango da; gaur egun udalekuan dihardugunok 30 urteko ibilbidea ospatzea izango du helburu, eta hasieratik lanean diharduten Goñikideei omenaldi txikia egitea. Horretarako, 100 pertsona inguru bilduko dituen egun guztiko egitaraua prestatzen ari gara. Goizean luncha izango da, ondoren udalekuaren ibilbidearen gainean prestatu den dokumentalaren emanaldia, jarraian ekitaldia eta omenaldia, eta gero bazkaria. Bazkalostean bertso tramak egongo dira, eta arratsaldeko tartea musika apur batez gozatzea da gure nahia.
Egun horretan bezala, udaldian ere gure altxorrik handienak diren inguruko paraje eder, elkartasun eta askatasun giroa zuek guztiokin konpartitzeko prest gaude! Horregatik, etxeko gaztetxoenei zuzenduz, Euskal Udalekuetako hiru etxeetan (Abaigar, Bernedo eta Goñi) udaldirako izena emateko epeak zabalik daudela jakinarazten dizuegu eta uda gurekin pasatzeko gonbita egin. Gure irribarrerik handienak zain izango dituzue!