GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oarsoaldeko bost gazte aske geratu dira 9.000 euroko bermea ordaindu ostean

p014_f01_199x112.jpg

GARA |

Oiartzun eta Errenteriako bost gazte aske geratu ziren atzo 9.000 euroko bermea ordaindu ostean. Oihana Mujika, Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio, Iosu Arruabarrena eta Aitor Franco dira ia bi urte espetxean eman ondoren askatasuna berreskuratu duten gazteak, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi zuenez.

Oarsoaldeko bost gazte horiek 2008an atxilotu zituzten polizia operazio zabal batean eta inkomunikatuta izan zituzten bitartean torturatu egin zituztela salatu zuten.

Franco eta Lujanbio Errenterian atxilotu zituen Polizia espainolak 2008ko apirilaren 18an egindako operazio batean. Egun berean atxiki zuten Arruabarrena Arrasaten, jatorriz errenteriarra izan arren, Arrasaten ikasketak egiten ari baitzen. Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak agindu zuen gazteok atxilotzea. Hamar gazte atzeman zituzten guztira eta Alfredo Perez Rubalcaba barne ministro espainolak kale borroka ekintzekin lotu zituen. Horrez gain, polizia operazioa «arrakastatsua» izan zela esan zuen, 2005etik aurrera Oarsoaldean gertatutako eraso guztien arduradunak atzeman zituztela ziurtatuta.

Epaitegian aurkeztu aurretik

Oihana Mujika eta Maitane Linazasoro, ostera, 2008ko uztailaren 1ean atxilotu zituen Polizia espainolak Donostian. Mujikak eta Linazasorok atxilotze agindupean zeuden Oarsoaldeko eta Barakaldoko beste zortzi gazterekin batera agerraldia egin zuten Oiartzunen.

Bertan, Mujikak berak hitza hartu zuen eta euren egoeraren berri eman ondoren, Donostiako epaitegian aurkezteko asmoa zutela adierazi zuten. Iker Sarriegi abokatuak azaldu zuenez, aurretik Auzitegi Nazionalean aurkezteko asmoa ere erakutsi zuten hainbat alditan, baina Marlaskak ez zituen hartu nahi izan. Prentsaurrekoa bukatutakoan Gipuzkoako hiribururantz abiatu ziren gazteak eta epaitegira heldu aurretik atxilotu zituen poliziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo