GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Jai herrikoiak» defendatzeko manifestua plazaratu dute

Donostiako Piratek eta Jai Herrikoien Koordinadorak festa parekide, parte-hartzaile eta euskaldunen aldeko manifestua aurkeztu zuten atzo. Ospakizun hauei bultzada emateaz gain, azken urteotan hainbat erakunde eta alderdi politikok horien aurka burututako erasoak salatzea ere bada helburua. Ez dutelako herri mugimendurik gabeko festetan sinisten, jai batzorde orori atxikitzeko deia egin zioten, murrizketen aurrean erantzun bateratua emateko.
p016_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Euskal Herrian parte hartzean oinarritutako jaien aldeko mugimendua sortu dela, eta honen alde lan egitea garrantzitsua dela azaldu zuten atzo Koldo Mitxelena Kulturunean Donostiako Piratek eta Auzoetako Jai Herrikoien Koordinadorak. Bertan, eta helburu hori hizpide hartuta, festa parekide, parte-hartzaile eta herrikoien aldeko manifestua aurkeztu zuten. «Euskal Herrian, mugimendu berri baten beharra ikusten zen, alegia, elkartzeko beharra ikusten zen. Guk, donostiarrok hitz egin dugu, eta mugimendu honetara atxikitzeko beharra ikusi genuen», adierazi zuen Aratz Trecetek, Donostiako Piraten izenean.

Plazaratutako manifestura atxikitzeko deia zabaltzeaz gainera, hainbat alderdi politiko eta erakunderen eskutik festa herrikoiek azken urteetan jasan dituzten «erasoak eta baliabideen murrizketak» salatu zituzten.

«Guk egiten ditugu gure auzoko eta hiriko jaiak, guk antolatu, kudeatu, zaindu...», adierazi zuten, eta lan horren guztiaren aurka, hainbat erakunde publiko eta alderdi politiko «satorlanean» dabiltzala, «eredua pitzatu nahian».

Aurrekontuetan murrizketak

Gaineratu zuten Donostiako Udalak azken urteetan auzoetan halako jaiak antolatu ahal izateko aurrekontuetan etengabeko murrizketak egin dituela. «2001. urtetik gaur arte bitan igo dira diru laguntzak, baina azken bi urteetan %25 jaitsi dira. Orain dela hogei egun, berriz, Denis Itxasok prentsan esan zuen iaz Kultura Sailak irabaziak izan zituela. Beraz, guri dirua kentzen digute, eta gainera onurak daude? Nola uler daiteke hori?», salatu zuen Josean Lozak, jaien Koordinadoren izenean.

Trecetek onartu zuen arren Donostiako Piratek gero eta «eraso» gutxiago dituztela, azpimarratu zuen beste auzoetan mugak zorrotzagoak direla, eta honen ondorioz jaietako egunak gutxitu egin beharko direla.

Beste herri eta hiriekin elkarlanean hasiko direla adierazi zuten, «gauza xumea» izango dela gaineratu arren: «Jai batzordeak elkartuko gara eta mahai gainean jarriko ditugu bakoitzaren bizipenak. Hausnartuko dugu elkarri indarrak emateko eta erasoen aurrean Euskal Herri mailako babesa emateko», azaldu zuen Trecetek.

Bilboko Konpartsak, Gasteizeko Blusak eta Iruñeko Peñak ere atxiki dira, eta herri guztietako jai batzordeei egin zieten bat egiteko deia, horretarako, besteak beste, Piraten webgunera eta Bilboko Konpartsenera joz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo