Iruñeko ezker abertzaleak jaietako suziria hiritarrek bota dezatela eskatu dio Udalari
GARA |
Ezker abertzaleari dagokio aurten Iruñeko festetan txupinazoa botatzea, izan ere, Udalak ezarritako sistemaren arabera, urtez urte, alderdi politiko baten esku geratzen da festei hasiera emateko ardura. Aurtengo txanda, hain zuzen ere, ezker abertzaleari dagokio.
Eskumena independentistek izan arren, atzo, Mariné Pueyo eta Mikel Gastegi hautetsiek idatzi bat igorri zioten Yolanda Barcina alkateari eskubide horri uko egiten diotela iragarriz. Bertan azaldutakoaren arabera, alderdi politiko bat izan beharrean festak abiaraziko dituena, hiritarren esku utzi beharko litzateke eginbehar hori.
Jaiei hasiera emateko ekitaldiak klase politikoaren pribilegioa izateari utzi behar diola, eta herritarren parte hartzeari bidea eman behar zaiola aldarrikatzen du ezker abertzaleak idatzi horren bidez.
Barcinari helarazitako mezuan bai Pueyok, bai Gastegik nabarmentzen dute beren txandari uko egingo diotela, «betiere eskubide hau Iruñeko auzokideen ordezkaritza bati uzten bazaio, jaien hasierari bestelako hasiera mota bat emanen diona, alegia».
Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa proposatu dute sinatzaileek, egiteko hori betetzeko. Izan ere, aurten konpartsa honek 150 urte beteko ditu, eta urteurren horren harira eskatu dute horiek izan dezatela hasierako suziria jaurtitzeko ardura.
«Batetik urte guzti hauetan ordezkaritza batek botatzea da gure proposamena, denok horrenbeste desio dugun benetako parte hartzea ardatz izanen duen norabide berriari hasiera emanen diona».
Halaber, konpartsa horri helarazi diote proposamena, «beraien erabateko adostasuna» izango dutelakoan.