Gamesako langileek «inplikazio osoa» exijitu diote Nafarroako Gobernuari
GARA |
Hamabost eguneko epean erantzun beharko dio Lan Ministerioak Gamesa enpresako zuzendaritzak Altsasun duen fabrikako 150 lanpostu deuseztatzeko eskatuz aurkeztu duen txostenari. Hala, enpresa batzordeak, «konponbide iraunkor» bat lortzeko, «negoziazioa bultzatzeko inplikazio osoa» eskatu zion atzo Nafarroako Gobernuari honen egoitza atarian egindako prentsa agerraldian.
Joan den astelehenean bukatu zen zuzendaritzak aurkezturiko espedientearen kontsulta epea amaierako akta batekin. Zentzu horretan, enpresa batzordeko lehendakari Ubaldo Solak prozesu horretan langileen ordezkariak «baliozko solaskide» gisa ez dituztela kontuan izan kritikatu zuen. Madrilgo bileretara ez dituztela deitu adierazi zuen Solak, eta kontsulta epe barruan ere ez dietela euren iritzia galdegin. Horregatik guztiagatik, langileek ez dutela aipaturiko akta sinatu azaldu zuen.
Txostena Nafarroatik
Erabakia Madrilen hartuko badute ere, Nafarroako Gobernuak bidali beharko dio lehenik txostena Ministerioari. Zentzu horretan, txostena espedientearen aurkakoa izatea espero dutela adierazi zuen Solak. Hala eta guztiz ere, eta erabakiaren berri laster izango dutenez, Industria sailburuarekin berriro bilera eskatuko dutela adierazi zuen, honi «arazoari irtenbide iraunkorra emateko Gamesarekin negoziazioa bultzatzeko inplikazio osoa exijitzeko».
Era berean, batzordeak negoziatzeko borondatea duela gogorarazi zuen batzordeko lehendakariak. Baita batzordeak benetako irtenbideak lor daitezkeen uste osoa duela, baina, beti ere, horretarako Altsasuko lantokiak dituen arazoak zorroztasunez aztertu behar direla baieztatu zuen.
Bitartean, eta astelehenaz geroztik, Gamesako langileak Nafarroako Gobernuaren atarian izango dira lan egunetan, eta hiru astez, bizi duten egoeraren berri zabaltzeko.