GARA > Idatzia > Ekonomia

SNCF negoziatzera bultza dezan eskatu diote konpainiako langileek suprefetari

p027_f02_91x100.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

CGT eta Sud-Rail sindikatuek deiturik, trenbide bidezko merkantzia garraioko 120 bat langile Baionako suprefeturan elkartu ziren atzo, Estatuko agintariei SNCF negoziatzera bultza dezaten eskatzeko.

Zortzi egun badira, lanpostuak mantentzea eta lan-baldintzak hobetzea exijitzeko, grebari ekin ziotenetik. Geroztik mobilizazioak egin dituzte, batez ere, zuzendaritza negoziazioak hastera bultzatzeko. Bilera bat behartzeko, Ipar Euskal Herriko arduradunaren bulegoak okupatu zituzten joan den astean eta Atlantiko zonaldeko zuzendaria ere etorrarazi zuten bertara, baina topaketak ez zuen deus eraginkorrik ekarri.

CGTko ordezkari Peio Dufauk SNCFko zuzendarien jarrera gogor salatu zuen atzokoan ere: «Ez dute gurekin hitz egin nahi. Alta, guk minimo batzuk bermatzea besterik ez dugu eskatzen. Ipar Euskal Herriko kasuan, hilaren bukaeran 34 lankide joango direlarik, 125 geratuko gara. Aurten behinik behin, lanpostu galera gehiago izanen ez dela ziurtatu diezaguten eskatzen dugu. Greba gelditu behar dela uste dugu, baina horretarako negoziazioa hasi behar dute».

Sostengua

Bi sindikatuetako langileez gain, LABeko, CADEko eta Bizi! kolektiboko hainbat ordezkari ere gerturatu ziren suprefeturara langileei elkartasuna adierazteko.

CADEko bozeramaile Victor Pachonen hitzetan, trenbide enpresa publikoko langileen protesta «bidezkoa eta arrazoizkoa» da. «Egiten ari diren murrizketekin zerbitzu publikoa arriskuan jarri eta pribatizazioa eragiten dute. Enpresa handiei soilik bideratutako tren osoen -eta ez bagoi bereizien- garraioa lehenetsi nahi dute politika honekin».

Bizi!-ren izenean, Txetx Etxeberrik «borroka hau gizarte osoarena» dela eta «ez bakarrik trenbideko langileena» nabarmendu zuen, petrolioaren prezio igoeraren ondorioz, errepideetako garraioa emendatuko delarik, trenbidekoaren premia argi azalduko dela adierazita. «Ordurako zerbitzua deuseztatua bada, denok ordainduko ditugu kalteak», gaineratu zuen.

LABek ere bere sostengua helarazi die langileei eta SNCFren «liberalizazioaren kalteak» salatu ditu. Hain zuzen, atzo bertan, Lillen, Europako Trenbide Agentziaren aitzinean egin zen protestan sindikatu abertzaleko ordezkaritza batek parte hartu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo