Mundu osoko 145 animazio film inguru, VI. Animabasaurin
Apirilaren 23tik 30era egingo da Animabasauri-Animabasque animazio jaialdiaren 6. edizioa. Social antzokia izango da sail ofizialaren egoitza nagusia, baina Bilbon, Erandion eta Etxebarrin ere egingo dira proiekzioak. Britainia Handia izango da ohorezko gonbidatua.A. ARRUTI | BILBO
Bederatzi herrialdetatik iritsitako hamar film luze lehiatuko dira aurtengo Animabasauri-Animabasque jaialdian. Astebetez, mundu osotik etorritako animazio lanik onenak ikusteko aukera izango da bai Basaurin, baita Bizkaiko beste hainbat txokotan ere. «Hortik Animabasauri-Animabasque izen bikoitza, jaialdiaren espiritua Bizkaia osora zabaltzea da helburua», azaldu zuen atzo jaialdiaren zuzendari Maria Jesus Diezek.
Gainera, lehenengo eguna Liburuaren Egunarekin bat egokitu denez, jaialdiak liburu bat argitaratuko du lehenengo aldiz. «Un mundo en miniatura» lanak animazio pelikula baten ekoizpenerako sekretu guztiak azalduko ditu.
Lehiaketa hiru alorretan banatuko da: batetik, 35 mm-tan filmatutako hamar lan luze izango dira sail ofizialean: bestetik, 35 mm-tan egindako 65 film labur izango dira; eta, azkenik, Karratu Saila, DVDan grabatutako 80 film laburrekin. Aurrekontuan «krisiari aurre eginez, nolabaiteko murrizketa» egon bada ere, «aniztasun handiarekin» datorrela esan zuten.
Orain arte bezala, Basauriko Social antzokia izango da egoitza nagusia. Bertan egingo da inaugurazio aurkezpena hilaren 23an eta Norvegia eta Danimarkatik iritsitako «Kurt Bllir Grusom» filmak emango dio hasiera sail ofizialari. Aste osoan, arratsaldez eskainiko dira lehiaketako film luzeak, baina goizeko 10.00etatik hasita adin guztientzako proiekzioak eskainiko dira. Diezek azaldu bezala, «hasi ginenean mundu guztiak haurrek osatutako publikoarekin lotzen zuen animazioa baina, azken finean, lanerako teknika bat da eta edozein gauza egin daiteke berarekin».
Lehiaketatik at, mila aukera
Iazko edizioan bezala, aurten ere animaziozko-telesail proiekzio bat eskainiko da, Kuba, Kanada eta Estatu frantsesetik heldutako hamar lanekin. Bestalde, Bilboko Multicines aretoetan, aurtengo herrialde gonbidatuko, hots, Britainia Handiko hainbat film eskainiko dira.
Bi atzera begirako ere izango dira aurtengo jaialdian. Batetik, Maite Ruiz de Austri animatzaile gasteiztarraren «El regreso del viento norte» eta beste hainbat lan ikusteko aukera izango da. Bigarren atzera begirakoan, Claudio Biern Boyden «Los gnomos, la gran aventura» eskainiko da.
Animazio eskoletan egiten diren lanek ere euren txokoa izango dute. «Presio komertzialik ez dutenez, alternatiboak izan ohi dira eta azken aurrerapenak nondik nora doazen ikus dezakegu horien bidez», esan zuen Diezek. Bestalde, Bilboko Fnac-en eta Leioako EHUn, Oscar de Santillanak eta Carlos Varelak eskainiko dituzten tailerrak. Etxebarri eta Erandion ere egingo dira proiekzioak eta hilaren 29an, helduei zuzendutako film laburren emanaldia izango da EITBren multibox aretoan. Arizko dorrean Sam animatzailearen erakusketa bat izango da ikusgai eta Bilboko Fnac-en Fernando Cortizoren «O Apostolo» film luzeari buruzko erakusketa ikusi ahal izango da.
Hamar izango dira sail ofizialean lehiatuko diren 35 mm-tan filmatutako lan luzeak, 65 film laburren atalean arituko direnak eta DVDan grabatutako film laburren atalean, berriz, 80.
Film luze onenak 8.000 euro eskuratuko ditu, film labur onenak, 1000 euro, eta DVDan grabatutako onenak, 600 euro. Hiru horiek Toom Boom-software paketea eta Basauri garaikurra ere jasoko dute.