Itsasoa protagonista, Ibilarte 2010 arte garaikidearen erakusketan
GARA | BILBO
Estilo eta teknika ezberdineko hainbat euskal artisten lana ikusgai izango da apirilaren 30era bitartean Bilbon, Bizkaiko Aldundiaren Foru Agiritegiaren erakusketa aretoan. Aurtengo Ibilaldiaren antolatzailea Bermeoko Eleizalde Ikastola izanik, itsasoa izango da erakusketaren ardatza. «Itsasoko mareak gora egiten duenean (Ikastolako mareak, euskara eta euskal kulturaren mareak...), guk kikunbera egiten dugu, buruz, artearen mundu ziragarrian», azaldu zuten.
Artisten artean, Iñaki Garcia Ergüin, Ismene Costilla, Javier Riaño, Jesus Mari Lazkano, Carmen Olabarri, Roscubas anaiak, Iñaki de la Fuente, Anita, Jon Gofinondo, Andoni Euba, Alain Urrutia edo Kaprax izango dira. Jabi Elortegik egindako bideoklipa ere ikusgai egongo da erakusketan. Inaugurazio ekitaldia bihar 19.00etan izango da, aretoan bertan.