Emakumezkoen ABF Superliga
Itxakok titulua ia erabakita utz dezake Eldaren aurka
Garaipen batek bien arteko aldea sei puntuan jarriko luke lau partidaren faltan.
Asier AIESTARAN
Itxakok erabakita utz dezake eskubaloiko ABF Superliga, gaur arratsean Eldari irabazten baldin badio (20.30ean, Lizarrerria kiroldegian). Itxako aurreneko postuan dago 39 punturekin eta Elda bigarren da 35ekin. Gaur garaipena lortuz gero, bien arteko aldea sei puntukoa litzateke lehiaketa amaitzeko lau partidaren faltan eta jokoan zortzi puntu baino ez daudenean.
Hala ere, gaurko norgehiagokak garrantzia apur bat galdu du azken jardunaldiaren ondoren. Izan ere, Eldak 23 eta 24 galdu zuen etxean sekulako ezustekoa eman zuen Vicar Goya taldearen aurka. Modu horretan, lehen bi sailkatuen arteko aldea lau puntukoa da orain eta, gaur galduta ere, Itxakok lehen postuan jarraituko du.
Norabide horretan, Ambros Martin entrenatzaileak, partidaren atarikoan, emaitzaren garrantzia erlatibizatu nahi izan du: «Nahiz eta inguruko baldintzak oso bereziak izan, inoiz ez dituzte hiru puntu ematen garaipen baten truke. Hala ere, egia da, emaitza erabakigarria izan ez arren, neurketak final baten tankera hartu du».
Aurkariari dagokionez, kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere bada. Itxakok ez bezala, EHF Kopan bizirik jarraitzen du Alacanteko taldeak. Finalerdietan buru-belarri sartuta dabil uneotan eta, joaneko partidan 27-23 irabazi ondoren, igande honetan jokatuko du Alemanian itzulerako partida Bayer Leverkusen taldearen aurka.
Badirudi bi lehiaketa ezberdinetan sartuta egoteak kalte egin diola Elda talde indartsu baina motzari. Edonola ere, Ambros Martinek argi du hori ez dela aitzakia izango aurkarientzat: «Ez dut uste Lizarrara indarrak gordetzera etorriko direnik. Guri antzeko zerbait gertatu zitzaigun iaz. Irabaztera irten ginen bai Eldan eta bai Alemanian, eta ongi irten zitzaigun. Elda talde handia da eta jokatzen duen kantxa guztietan irabazi nahiko du».
Patri PINEDO
Itxako taldeko jokalaria
Eldak azken jardunaldian jasotako porrotaren ostean, haien aurka garaipena lortzeak ez luke matematikoki Liga guztiz erabakita utziko, baina sekulako urratsa litzateke.
Hala da. Azken emaitza horren ondoren Liga irabaztea errazago daukagula esan daiteke, baina, hala ere, motibazio maila berberarekin irtengo gara partida hori jokatzera. Eldari etxean irabazteko gogotsu gaude guztiok, han jokatu genuen lehen itzuliko partidan ezin izan genuelako garaipena lortu. Beste bi puntu lortzea da gure helburua, hortik haratago gehiegi pentsatu gabe.
Esan al liteke, kasu honetan, presioa Eldak izango duela?
Uste dut presioa bi taldeok izango dugula. Egia da beraientzat Liga irabazteko borrokan jarraitzeko azken aukera dela, eta agian horregatik presio gehixeago izan dezakete. Baina guretzat ere sekulako aukera da titulua ia erabakita uzteko eta etxean zaleen aurrean jokatzeak ere irabaztera behartzen gaitu. Hotz hotzean pentsatuta, esango nuke biok dugula antzeko motibazioa, baina beraiek askoz gehiago dutela galtzeko guk baino.
Partida sailkapenak dioen bezain berdindua izango al da, zure ustez?
Egia esan behar badut, nik ez dut uste horren parekatua izango denik, une jakin honetan Itxako Elda baino talde hobea iruditzen zaidalako. Arriskutsua izan daiteke partida jokatu aurretik hori esatea, baina hori da irudipena. Orain kantxan erakutsi behar dugu hori horrela dela, baina psikologikoki indartsuagoak garela uste dut.
GARA