GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Eskalada Venezuela

Adolfo Madinabeitia, «mundu galdura» itzuli da

Andre Vancampenhoud-ekin batera, eskalatzaile arabarrak «Mundo perdido» bidea ireki du Tepuy Acopan hormatzarrean (Venezuela). 16 luzetako 650 metroko marra horrek 7a eta A3+ graduko zailtasunak ditu. Sokadak guztira 12 egun egin zituen paretan.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mundu galdura itzultzeko irrikitan zegoen Adolfo Madinabeitia. Eta, 20 urte igaro badira ere, azkenean itzuli da. Venezuelako oihan tropikalera; Amazonaseko inguru sekretuetara. Oihanetako mundu galdura itzuli bai, baina helburu oso jakin batekin: hango tepuy-ak (hormatzarrak) eskalatzea.

20 urte eta gero, Madinabeitia bere saltsan izan da. Duela bi hamarkada Jesus Galvez sokakidearekin bizitako eskarmentuak harrapatu egin zuen. Lehena 1989an Salto del Angel paretan «japoniarren bidea» izan zen, eta bigarrena Tepuy Kukenanen «A poco no» marra. Urtebete egin ondoren, sokada arabar-madrildarra Salto del Angelera itzuli eta goi mailako sinadura utzi zuen: «Directa» bidea.

Espedizio berrirako, ordea, Madinabietiak bi lagun fitxatu zituen: Andre Vancampenhoud eta Henry Gonzalez. Biak ala biak venezuelarrak. Lehen helburua argi eta garbi zuten: Cerro Autana(Amazonaseko Estatua). Hango paretetan, duela 2 hamarkada, Galvezekin zer edo zer egin nahi zuen arabarrak, baina, baimenik ez zutenez, asmoa bertan behera utzi zuten.

Oraingoan, baimenekin arazorik ez, baina bestelako buruhausteak izan dituzte. Horixe du mundu galduak. Arazo batzuk tarteko, lehen xedea alde batera utzi eta eskalatzaileek Chimanti mendilerroan (Amuri, Acopan...) jarri zuten arreta. Madinabietiak honakoa gaineratu dio GARAri: «Autanakoa baztertu eta Amuri jauzira joateko erabakia hartu genuen. Tepuy bateko ur-jauzia da eta erori handikoa. Baina hara hurbildu ginenean, ez zitzaigun hain erakargarria iruditu. Eta, azkenean, Tepuy Acopan erronka egokiena zela iruditu zitzaigun. Besteak beste, hango paretak oso luzeak eta kalitatezkoak direlako. Nazioarteko talde batzuk 10 bide zabaldu dituzte. Guztiak ala guztiak hiru lagunez edo gehiagoz osatutako sokaden lanak izan ziren. Gure kasuan Andre eta biok soilik ginen, eta indigenak harrituta utzi genituen. Buruz nahiko nekatuta iritsi ginen. Aldaketa guztiak medio, frustrazioaren mamua ere iritsi zen, Autanara joateko ametsa duela 21 urtekoa baitzen. Hainbat marra aztertu ondoren, Andrek ikusitakoak estetikoena zirudien. Hiru egun igaro genituen paretara material guztia garraiatzen. Bitartean, xede berrian 90 metro zabaldu genituen, eta, bide zuzenena zein egokiena zela jabetu ginenean, benetako jarduerari ekin genion».

Martxoaren 2an garraio lan guztiak amaitu zituzten. Bakar-bakarrik zeuden, erabat isolatuta, errealitatetik haratago... Bi lagun soilik; musikarik gabe, kartarik gabe, libururik gabe, telefonorik gabe... Horixe da «Mundo perdido»n bi eskalatzaileok bilatzen zutena eta nahi zutena.

Eskaladari ekiteko unea iritsi zen eta Madinabeitiak bere kideari lehen luzeak eskaini zizkion. Baina erantzuna bestelakoa izan zen, eta venezuelarrak luze guztiak arabarrari eskaini zizkion; hau da, bide guztia sokaburu egitea.

«Andreren eskaintza oso erakargarria zen, eta, jakina, nire erantzuna baiezkoa izan zen. 51 urte ditut, ondo baino hobeto ezagutzen dut neure burua, oso sasoiko nago; inoiz baino sasoikoago, bai buruz bai fisikoz. Inoiz ez didate aukera hau eskaini. Hori bai, jakin banekien Andre alboan nuela, bere eskarmentu eta irizpide zuzen guztiekin», azaldu digu Madinabeitiak.

«Mundo perdido» sortzen

Eskalatzaileon lana ondo bideratuta zegoen. Norabidea erabat zuzena zen. Inolako arazorik gabe bide berriaren ia erdira iritsi ziren; hots, seigarren luzera. Luze hori bukatzen ari zirenean, bat-batean ekaitzak harrapatu zituen.

Aurreko eguna ere hamaketan pasa zuten eta, arabarrak aitortu digunez, Baltoroko sindromea burura etorri zitzaion. Zenbat egun iraungo du eguraldi gaizto honek? Horixe galdetu zion bere buruari Madinabeitiak. Erantzuna bestelakoa izan zen: «Biharamunak bestelako aurpegia izan zuen. Eguzkia lagun, goialdean genuen sabaira iritsi ginen. Ez genuen arazo handirik izan hura gainditzeko, eta, azkenean, A3+ zailtasuneko luzea atera zen. Hurrengo luzeak era askean egin genituen, eta, 9. luzera iristen ari ginenean, beste ekaitz batek bisita egin zigun».

Nahiz eta euri zaparradak izan, urarekin arazotxoren bat bazuten. Botiletan zutena bukatzen ari zen, eta deshidratazio puntu batera iritsi zen Madinabeitia. Pazientzia handiarekin, 10 bat litro eskuratu zituzten.

Bide ia gehiena librean ateratzen ari zen, eta segurtatzeko ere komeria gutxi. Ia gehiena fisurero eta friendekin, eta noizean behin iltzeren bat edo beste jarri zuten. Zortzigarren egunean gogor borrokatu behar izan zuten aurrez aurre zuten landaretzarekin. Tarte hori oso bihurria zen, eta 75 metro gainditu ahal izateko, zortzi ordu eta erdi behar izan zituzten.

Biharamunean, Vancampenhoud eta Madinabeitiak bide berriarekin, «Mundo perdido» marrarekin, amaitu zuten. Bidea rapelatu ondoren, martxoaren 12an paretaren sarreran ziren. Aurretik 650 metroko marra sortu zuten, 16 luzerekin (3 soilik artifizialean) eta 7a+/A3+ zailtasun teknikoekin. Eta eskalada guztian buru Madinabeitia bera: «Luze guzti-guztiak sokaburu egin ditut, eta, horrela bada, benetako gozamena izan da. Sokadan joaten zarenean, hori ez da batere ohikoa, eta Andreren jarrera eskertu behar dut. Nahiz eta Autanara ez joan, mundu galdura itzuli naiz».

aldaketak

Vancampenhoud eta Madinabeitia helburuak aldatzen joan ziren. Aurrena, Tepuy Autana; gero, Tepuy Amuri... Azkenean, sokadak Tepuy Acotanen eskalatu zuen.

«Mundo perdido»

Hori da eskalatzaileek bide berriari jarri dioten izena. 650 metro luze da, 16 luze ditu eta zailtasun teknikoak 7a eta A3+ gradukoak dira. Guztira, 12 egun paretan egin zituzten.

sokaburu

Eskalatzaile arabarrak bide osoa sokaburu egin zuen. Luze gehienak era askean egin zituen, eta artifizialekoek ez zioten buruhausterik eragin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo