GARA > Idatzia > Mundua

Tokunoshimako japoniarrek ez dute AEBetako baserik nahi uhartean

p018_f01.jpg

EUROPA PRESS |

15.000 pertsona inguru elkartu ziren atzo Japoniako hegoaldean dagoen Tokunoshima uhartean, bertan estatubatuarren base militar bat kokatzeko egitas- moaren kontrako iritzia azaltzeko. Manifestari kopurua nabarmentzekoa da, uharteko biztanleen erdiak erabaki baitzuen protestaldian parte hartzea.

Manifestarien haserrea Japoniako Gobernuak berak eragin du, gaur egun Okinawa uhartean dagoen basea, Futenmakoa, Tokunoshimara eraman nahi baitu. «Albistegietan entzun ahal izan dugu estatubatuarrak ez daudela ados basea hona ekartzearekin, eta kasu honetan guk bat egiten dugu beraiekin, hemen ez baitaukagu inongo base militarren beharrik. Tokunoshiman base bat eraikitzeak ez du ez bururik, ez hankarik», adierazi zuen manifestarien aurrean Hideki Takaoka Tokunoshimako alkateak, Kiodo berri agentziak banatutako adierazpenen arabera.

Kiodokoen arabera, estatubatuarrek ez dute edozein kokapen onartuko, ez baitute bertakoen haserrearen erdian bizi nahi. Japoniako Gobernuak populazioa base militarra eraikitzearen aldekoa den lekuren bat aukeratzea nahi du Barack Obamaren Exekutiboak, proposamen ofiziala Washingtonen aurkeztu aurretik.

Orain lau urte, Japoniako eta AEBetako gobernuek Futenmako aireportutik abiatzen ziren jarduera militarrak beste nonbaitera eramatea erabaki zuten. Orduan esaten zen Okinawa uhartean bertan kokatuko zela base berria, iparralderago, biztanle gutxi dituen Camp Schwaben. Gainera, agintariek jakinarazi zuten Okinawan AEBek dituzten 8.000 marinelak Guam izeneko uhartera eramango dituztela 2014. urterako.

Baina Tokioko Gobernuak zalantza ugari izan ditu urteotan. Gainera, Exekutiboko kide den Alderdi Sozialdemokratak askotan adierazi izan du Okinawako basea kendu egin behar dela Japoniatik, «beste lekuren batean basea eraikitzeak ez baitizkie arazoak konponduko bertakoei». Ez da harritzekoa Yukio Hatoyama lehen ministroak zalantza ugari izatea.

«Gure protestek ez dute etenik izango helburua lortu arte», esan zien atzo manifestariei Takaoka alkateak. Horien aurkako erabakiren bat hartuz gero, lehen ministroaren onarpen-mailak behera egingo luke berriz, eta lehen ere oso behean dago.

Azukre industria eta abeltzaintza dira Tokunoshimako jarduera ekonomiko nagusiak. Uste dute hobeto biziko direla milaka militar estatubatuar bertan hartu gabe. «AEBetako baserik ez», oihukatzen zuten atzo. «13.000 esku-orri prestatu ditugu manifestarientzat, eta alerik gabe geratu gara», adierazi zion France Presse agentziari Osamu Minobe alkatearen eledunak. Berak kalkulatu zuen 15.000 manifestari inguru elkartu zirela. Poliziak esan zuen bere lana ez dela manifestariak kontatzen ibiltzea. Akira Okubo zinegotziak adierazi zuen Tokioko agintarien jarrera aldatzea lortuko dutela. Lehen ministroak esan du maiatza bukatu aurretik erabakia hartua izango duela, baina lehenago gauza bera agindu zuen martxorako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo