GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdi guztiak goi tentsioko linearen aurka, PSE izan ezik

Gasteiz eta Castejon arteko goi tentsioko linearen aurka lasterka egindako bi eguneko martxa manifestazio batekin bukatu zen atzo eguerdian Arabako hiriburuan. Ehunka lagunek parte hartu dute 24 herritik igaro den ekimenean, herrietako alkate eta zinegotziekin batera. PSE kenduta, gainerako alderdi politiko guztiek babestu dute protesta.

GARA |

Goi tentsioko linearen aurkako martxa manifestazio jendetsu batekin bukatu zuten atzo Gasteizen. Ehunka herritarrek babestu dute ekimena eta alderdi politiko guztien babesa ere izan dute, ezker abertzaletik PPraino. PSE izan da protestaren kontra agertu den bakarra. Arabako Aldundiko ordezkariek beren sostengua adierazi zioten ekimenari, azken mobilizazioan parte hartuz.

Arraia-Maeztu, Bernedo, Burgu, Kanpezu, Lagran, Maeztu, Oion eta Urizaharreko udalek eta Trebiñu Konderriko udalerriek bat egin zuten Gasteizen eta Castejonen arteko goi tentsioko linearen aurkako protesta honekin.

Lekuko bat eskutik eskura emanez lasterka burutu dute ibilbidea eta 24 herri igaro dituzte. Larunbatean abiatu zen martxa Labrazatik. Atzo Burgun hasi eta Gasteizerako bidea egin ondoren, hiriburuan manifestazioa egin zuten «Goi tentsiorik ez, gure herrien etorkizunaren alde» lelopean.

Kamiseta horiak soinean egin zuten Artiumetik eguerdian abiatutako mobilizazioa, eta bertan izan ziren goi tentsioko linea pasatu behar den udalerrietako ordezkariak ere.

Espainiako Sare Elektrikoak bultzatutako proiektuaren kontra hainbat erakunde ere agertu dira. Esaterako, Gasteizko Parlamentua eta Arabako Aldundia. Madrilgo Kongresuan ere, PPk bultzatuta, ibilbidea aldatzeko ekimena onartu zuten. Hala ere, Gobernu espainolak proiektua aurrera eramateko asmoa berretsi du.

Galdeketak galarazi

Ostiralean jakinarazi zuten Gobernu espainolak galarazi egin diela Nafarroako eta Arabako zazpi udali goi tentsioko lineari buruzko herri galdeketak egitea. Madrilek EAEn duen ordezkaritzak eman zuen debekuaren berri eta gai horretan eskumena Estatuari, autonomia erkidegoei eta Espainiako Sare Elektrikoari dagokiela argudiatu zuen.

Bernedo, Burgu, Lagran eta Urizaharreko udalei (Araba) zein El Busto, Esprontzeda eta Santsolekoei (Nafarroa) eragiten die debekuak. Agindu hori arrazoitzeko, galdeketak egitea udal administrazioen eskumenetik harago doala diote, baina dagoeneko herritarrek beren iritzia emateko ekimenak egin dituzte hainbat udalek. Joan den urtarrilean Araba eta Nafarroako 24 herritako biztanleek egindako galdeketetan, bozkatu zutenen %98,92 kontra agertu ziren.

UDALAK

Arraia-Maeztu, Bernedo, Burgu, Kanpezu, Lagran, Maeztu, Oion eta Urizaharreko udalek eta Trebiñu Konderriko udalerriek aurkeztu zuten martxa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo