GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Sexu erasoen alboko kalteak

Orrialde garbiaren aurrean eseri aurreko orduetan, saiatu naiz barruko esatekoak aztertzen, ahalegindu naiz astelehenari baikortasun apur bat eman diezaiokeen gaia hautatzen, orria beterik dagoenerako ez dadin dena ezinegona eta sumina izan.

Baina, aurreratu egingo dizuet, ez dut uste lortuko dudanik. Astero iritzi-artikulu bat idaztea ez da batere erraza, sentipen eta senaren, eta auskalo zenbat gehiagoren, nahasketa diren barneko ideiak hitz bihurtzeko ibilbidea luzea egiten da sarritan. Eta bestalde, gaiak eta gaiak daude, samurragoak edo pozgarriagoak batzuk, itxaropen-pizgarriak, sikiera; beste batzuk, aldiz, gogorrak eta heltzeko zailak, eta hori gutxi balitz bezala, etsipen-eragileak. Eta noizbehinka, batzuk barruan iltzatuta geratzen zaizkizu.

Horixe bera gertatu zait niri aste honetan. Gaia buruan ez ezik, gorputzean ere badabilkit. Hain da ankerra, nazkagarria, injustua. Eta bestalde, gizartearen osasunaren hain adierazgarria. Isabelle Aubry Intzestuaren Biktimen Nazioarteko Elkartearen presidentearen elkarrizketa-kontakizuna irakurri nuen, erraiak estuturik. Imajinaezina egiten baitzait zer izan behar duen bizitzaren hastapenetik hori arnastea, horrela haztea, emeki-emeki konturatuz joatea. Eta ondoren, bizitza osoa horren hamaika ondorioekin bizi behar izatea.

Epaiketa nolakoa izan zen kontatzen zuen pasartearen ondoren, ordea, sutan segitu nuen, Justiziak sexu-delituen biktimentzako gordetzen duen probokazio eza frogatzeko «betebeharrarekin» berriz ere topo eginda. Hemen ala han, sexua tartean egonez gero, lupaz behatzen da emakumearen jarrera, adostasuntzat jo litekeen keinurik ñimiñoaren bila baleude lez, froga argiak eta aitortzak izanda ere, gizonari zigorra arintzea balitz bezala azken xedea. Horrela, babesa sentitu ordez, bestelako infernu bat bizitzeari ukoa eragiten da biktimengan, azken kemen izpia ere desagerrarazita. Biktimizazio bikoitza, alegia. Eta epaitegietan gainditzen ez den horrek asko esaten du oro har sexu harremanak biltzen dituzten abiapuntu, ikuspegi eta garatzeko moduak gizartean nola ulertzen diren inguruan. Probokazio-erreakzio, erreakzio-justifikazio, justifikazio-ulermen jokoak oraindik badirau.

Justiziak hori, eta familia barruan gertatuz gero, sarri familiak berak emandako are tratu gogorragoa. Norabide biko lotsa, erruduntasun-sentimendua, bakardadearen beldurra, besteak beste, sekula baino dimentsio handiagora iristen baitira, gaindiezin bihurtuta. Adituen esanetan, bortxaketa gehienak hurbileko ingurunekoen eskutik gertatzen direla aintzat hartuta, atera kontuak. Pentsa zenbat jazarpen ez den salatuko, zenbat oinaze eta sufrimendu, zer-nolako barne-sarraskia edukiko duten hainbestek barruan. «Etxeko sua etxeko hautsez estali», hala behar duela sinetsarazita.

Isabellek, baina, sua astindu eta borroka egin zuen Frantziako epaitegietan. Eta denborarekin, besteak beste, bertako Zigor Kodeak intzestua delitutzat jo dezan lortu du. Tabuen eremutik aterata eta gizarteari adi egon dadila oihukatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo