GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Frantzia iluna agintean

 

Parisek bere zilborra baizik ez baitu ikusten, gazte talde bat joan da Jon Anzaren bahiketaren salatzera. Informazioaren gainean jartzen den estalkia kentzen saiatzera joan dira.

Ez da lehen aldia gazte taldeek ekintzak antolatzen dituztela Euskal Herriko egoeraren salatzeko edo presoen sostengatzeko. Oso ekintza ikusgarria prestatu zuten, hain eraikuntza ospetsuan Jonen aurpegia zabalduz. Ekintza iraingarria Pariseko agintarientzat, Poliziarentzat. Baina gaur egungo Poliziak nahiko babes dauka presidentearen Gobernuarengandik, alegia «pasatzen» badira, ondorioak nahiko epelak, moderatuak izaten dira. Garai honetan poliziei eta militarrei dominak errazki eskaintzen zaizkie.

Logika honekin joan dira euskal militanteen atxilotzera, ondorioengatik inongo kezkarik gabe. Horrela askatu dute lehena, jakinez bigarrena erortzeko eta hor bertan hiltzeko arriskua zegoela. Zur eta lur utzi gaitu horrek! Zein da muga? Prentsa isilarazten dute, telebista kontrolatzen dute, elkarrizketa ukatzen dute, bortizkeria hautatzen dute. Bortizkeria estatutik heldu delarik, arrazoirik gabeko bortizkeria, oinarririk gabeko bortizkeria nola deitzen da? Izena duke horrek. Dena ukatzen delarik, bortizkeriari irekitzen zaio bidea, hau ez da polizia galdu baten erabakia, logika politiko batena baizik.

Frantzia demokrazia handia dela? Frantzia honek ez zuen arazorik izan naziekin kolaboratzeko, haurrak hiltzera eramateko, FLNko militanteak presondegietan torturatzeko, FLNren aldeko manifestariak Seine ibaira botatzeko, eta abar eta abar... Hau da gaur egun agintean dagoena.

Bortizkeria indartzera joaten den sistemari beste tresna batzuekin erantzun behar diogu, beste filosofia batekin erantzun behar diogu. Gure herriarentzat justizia eskatzen dugu. Frantziak, existitzeko, beldurra, tranpa eta bortizkeria erabili izan du. Horretan ikasia da eta baliabideak baditu. Hexagonoa loturik atxikitzeko herrien hizkuntzak ezabatu, uharteetako herritarrak menperatu, kolonizazio gordeak antolatu eta propaganda banatu du Frantziatik heldu zaiguna ona eta aberatsa dela, handitzen gaituela sinetsarazteko. Gure arbasoak Frantziaren handitasunaren alde hiltzera eraman zituzten, gaur egun Frantzia handiaren ideia gezurra dela badakigu, «Argien» garaia itzali zela ikusi dugu.

Frantziako herritarren artean denetarik dagoela ere badakigu, horien artean laguntza handia ekartzen digutenak ere bai. Haiekin elkartasun loturak lantzen jarraituko dugu, horiek handitzen baikaituzte. Horiei esker, hain iluna den Frantzia hori baztertzen ahaleginduko gara eta gaur egun ezagutzen dugun Frantzia desegiten joanen gara, herri gutxituei merezi duten tokia eginez.

Jon Anza desagerrarazten saiatu dira. Polizien arteko tirabirek, politikarien arteko mahai azpiko jukutriek antolatu zuten bahiketa eta heriotza. Euskaldun baten hilketa oso merke ateratzen baita, zigorrik ez baita euskaldun, abertzale bat hiltzen delarik, tor- turatzen delarik. Justizia hobesten ez duen erregimenak ez du zilegitasunik. Larunbatean Donibaneko karrikak protestaz bete ziren, lehen Barnekoa eta egun Justizia ministro den Michel Alliot-Mariek aztarna beltza uzten du herrian. Justiziarik ez baita bere eskuetatik pasatu, Frantzia zapaltzaile horren parte baita MAM.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo