GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Bea Arana AHTren aurkako mugimenduko kidea

Iruñea oinez

 

Gizon eta emakumeok lurraldea oinez zeharkatzeko eskubidea dugu. Oinezkoak garen heinean, oinez egiten dugu bidea. Leku batetik bestera ibiliz joan ahal izatea askatasunaren adierazpidea da. Haizea, euria, giro hotza eta beroa, hezetasuna, freskotasuna eta usainak agertzen zaizkigu bidean zehar, eta gu horietan murgiltzen gara, sentsazio anitzak gozatuz eta sufrituz. Estimulu ezberdinek bizirik gaudela oroitarazten digute, erosotasuna astinduz. Eskertzekoak, zinez. Oinez joaterakoan beste oinezkoekin egiten dugu topo, eta minutu batzuk hitz egiteko aukera ematen diguten hitzordurik gabeko topaketak poztekoak izaten dira, gehienetan. Espero gabeko esperientzia txikiek eguna aberastuko digute.

Hiri handia metropoli bilakatzen den heinean, joan-etorriak oinez egiteko parada nabarmenki murrizten da. Kristalezko burbuilak isolatutako gurpil motordun aulkian, lehen aipatu ditugun aukerak dexente gutxitzen dira. Autoei mugikortasuna errazten zaien neurrian, ibiltzeko aukera zaildu egiten zaigu oinezkooi. Asfaltoak eta porlanak berdegune, basotxo, sastrakak jositako gune, gari soro eta gertakizun askoren lekuko izandako bidexkei lekua irabazten diete eta eremu hauek betiko desagertzen dira metropoliak garaituak. Batzuetan errotondak, ingurabideak, autobiak eta antzerako azpiegitura erraldoiak eraikitzeko. Besteetan intentsitate txikitzaile baxuko azpiegiturak egiteko, ibaiaren aldeko porlanezko bideak alegia.

Iruñeko Alde Zaharrak irla erromantiko eta xarmangarri izaten jarraitzen du metropoliaren ozeanoan. Hemengo auzokideok pribilegiatuak garela esan dezakegu. Auzoko umeak eskolara oinez joan daitezke, inguratzen gaituzten eraikinak neurrikoak eta atseginak dira beraien artean paseatzeko eta aniztasuna eskaintzen duten denda txikiak baditugu eskura. Honen guztiaren ondorioz auzokideon mugimendua indartsu, aberatsa eta osasuntsua da, auzoa bezala. Gainera, inguruan dauden berdeguneetara oinez joateko aukera ere badugu Alde Zaharrekook. Baita Aranzadi paradisu txikiak dituen lurrak jorratzera jaisteko aukera ere.

Historiak eta oinezkoen bideek lotzen dituzte Aranzadi eta Alde Zaharra. Urteak daramatzagu hiritarrok sabelak alaitzen erreka ondoko baratzeek eskaintzen diguten oparotasunarekin. Neurri txikiko ortuetan barazkiek mosaiko koloretsuak margotzen dituzte eta nekazarien artelanak dirudite. Kalekume arrunt baten ikuspuntutik alferrak diren heskaiek ehunka espezieri ematen diete babesa. Harrizko hesiek eta heskaiek Arga errekak izaten dituen gorakaden eragina moteltzea eta arintzea dute helburu. Naturan denak dauka bere funtzioa. Zuhaitzak, landareak, sastrakak eta loreak ehunka animalia eta intsekturen gordelekuak dira Aranzadi bezalako natura gune paregabean. Biodibertsitatearen gotorleku txiki bezain ederra dugun eremu honetan edozein eraldaketak ondorio latzak ekarriko lituzke.

Baina metropoliak Aranzadi irentsiko duen mehatxua aldez aurre daukagu. «Nekazaritza hiritarroi hurbiltzea» bezalako eufemismoak erabiltzen ditu Barcinak ortuetan eragin nahi dituzten eraldaketak zuritzeko. Zer esan nahi du horrekin? Ez al daude egun baratzak herritarrongandik nahiko hurbil? Susmoa daukagu orain arte nekazari txikien esku zegoen kudeaketa UAGNko handi-mandiei ematea dela benetako xedea. Eta bide batez, iraganean gauzak nola egiten ziren, horren trazak betiko ezabatzea eta urteetan zehar naturak sortu eta hortelanoek landutako inguru ederrari modernitatearen zigilua ezartzea.

Iruindarrok zehaztasun gutxi daukagu udal teknikariek bulegoan Aranzadirako diseinatu duten plangintzaren inguruan. Zer bilakatuko da egun iruindarron elikaduraren burujabetasuna bermatzen duen lurra? Hondeamakinek hiru urte Aran- zadin igaroko dutela jakiteak gure susmo txarrenak pizten ditu. Arestian aipatu kalekume arruntarekin bat etorriz biodibertsitatearen gordelekuak diren sastrakak, heskaiak, zuhaixkak eta sasiak paisajista askoren iritziz alferrak eta zikinak direla jakiteak gure mesfidantza areagotzen du. Gure uste apalean horrelako irizpideak dauzkaten lanpostuak dira benetan zentzugabe eta kaltegarriak. Hau guztia jakinda eta Udalaren porlantzaletasuna ezagututa Aranzadi dagoen bezala uzteko galdegiten dugu Iruñazaleok. Iruñea Oinez egunero gozatzen jarraitu nahi dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo