GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Polizia operazioaren aurkako manifestazioak

Errepresioaren aurkako oihuz bete ziren Donostia eta Bilboko kaleak

Auzitegi Nazional espainoleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz iragan asteazkenean abiatutako sarekada salatuz, atxilotutako hamaika lagunen askatasuna aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Bilbon eta Donostian. Bukaeran, errepresioari amaiera ematea «guztion zeregina» dela azaldu eta «jazarpenaren aurrean tinko» mantentzeko dei egin zuten bozeramaileek. EA eta ezker abertzaleko ordezkariak izan ziren bi protestetan.

p004_f01.jpg

Manex ALTUNA - Janire ARRONDO | DONOSTIA

Milaka lagun irten ziren atzo arratsaldean kalera, aurreko astean Guardia Zibilak egindako polizia operazioa salatzera. Hamaika euskal herritarren atxiloketa ekarri zuen sarekada «bidegabea» izan dela salatu zuten Donostian zein Bilbon ordu berean eta goiburu berarekin egindako manifestazio banatan.

Donostiako Boulevardetik 17.30ak jota abiatu zen manifestazioa , «Errepresioa amaitu! Demokrazia Euskal Herriarentzat!» pankarta aurretik zuela. Manifestazio buruan, milaka lagunei bidea irekiz, Aiert Larrarte abokatua eta iragan asteazkenean atxilotutakoen senide eta lagunak, tartean Jon Enparantzaren emaztea.

Bertaratuen artean ziren ezker abertzaleko kide Shanti Kiroga eta Txelui Moreno; Etxerateko Polentzi Goikoetxea, Mattin Troitiño eta Oihana Lizaso; amnistiaren aldeko mugimenduko Oihana Agirre eta beste hainbat kide; atxilotutako abokatuen kide Aiert Larrarte eta Iñigo Iruin; zein Eusko Alkartasuneko parlamentari Jesus Mari Larrazabal. Lazarrazabalek manifestazioa irten aurretik azaldu zuenez, polizia operazioa «independentisten bat egiteari Estatuak eman dion emaitza da», eta atxiloketen gainean Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabak eta Estatu espainoleko Segurtasun Idazkari Antonio Camachok diotenetik «hitz bat bera ere» ez duela «sinisten». EAko parlamentariak salatu zuenez, «ez da posible atxiloketak ez dakit zein paperetan oinarritzea».

«Hemen torturatzen da»

Bilbon ez bezala, Donostian eguraldi paregabea lagun, hiri erdialdeko kaleetan kilometro inguruko luzera hartu zuen manifestazioak. Pankarta Artzain Onaren katedralaren paretik pasatzen ari zela jendea oraindik Boulevardetik abiatzen ari zen. «Atxilotuak askatu», «presoak kalera, amnistia osoa», «hemen torturatzen da» eta «PSOE, Gal, berdin da» oihuak entzun ziren, besteak beste, ibilbidean zehar.

Nabaria izan zen Donostiako manifestazioan Ertzaintzaren presentzia. Goraino armaturiko agenteek gertutik jarraitu zioten protestari; hala ere, parte-hartzaileek lasai osatu zuten ibilbidea. Aurretik Ertzaintzaren 5 furgoi zirela, Boulevard zumarditik abiatu, eta leku berean amaitu zen manifestazioa; polizia autonomikoaren helikopteroa hara eta hona zebilela. Manifestazioa amaitu ondoren ere, Boulevarden zein erdialdeko kaleetan denbora luzez egon ziren agenteak.

Aldi berean, Bilboko kaleetan ere milaka herritar bildu ziren polizia operazioa salatu eta atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko. Jesusen Bihotzaren plazatik abiatu zen manifestazio jendetsua 17.30ean. Buruan, Donostiakoaren lelo bera zeraman pankartarekin, Etxerat, amnistiaren aldeko mugimendu eta atxilotuetako hiru abokatuen lankide Alfonso Zenon eta Kepa Manzisidorrek ireki zuten bidea.

Martxa abiatu baino gutxi lehenago lehertu zen ekaitzak ere ez zituen bertaratuak kikildu eta Bilboko Kale Nagusian «atxilotuak askatu», «herriak ez du barkatuko» zein «errepresioa ez da bidea» gisako oihuak ozen entzun ziren. Moyua plazan Gobernu espainolak duen ordezkaritzaren eraikinaren aurretik pasatzerakoan, berriz, guardia zibilen begiradapean ozen oihukatu zuten manifestariek «PSOE-GAL berdin da» eta «hemen torturatzen da».

«Segi lanean, kalean eta zutik»

Manifestazioari Arriagako plazan eman zioten amaiera. Bilbon Etxerateko kide Beñat Zarrabeitiak eta amnistiaren aldeko mugimenduko kide Roberto Novalek, eta Donostian Iratxe Retolazak hartu zuten hitza. Norbanako eta eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak gonbidatu zituzten errepresioaren aurkako konpromiso argiak hartzera: «Euskal Herrian sinisten dugun guztioi dagokigu jazarpen honi aurre egitea».

«Isilik nahi gaituzte, makurturik, etsita eta garaituak nahi gaituzte. Baina gu kalean gaude eta zutik gaude». Hitz horiekin eman zioten hasiera bi hiriburuetan amaierako mitinari. Hala, abokatuak, sindikalistak, unibertsitateko irakasleak edota errepresaliatu politikoen senideak atxilotzea Israel eta Kolonbiako Gobernuek egiten dituzten ekintzen «pareko» direla esan zuten. «Euskal Herrian azken asteotan guzti horren eta gehiagoren lekuko izaten ari gara», ohartarazi zuten.

Espetxeetan egiten dituzten «eskubide urraketak» salatu zituzten, eta azken egunotan erasoak jasan dituzten hiru euskal presoekin jazotakoa gaitzetsi zuten. Bozeramaileen ustez gertakari horiek «gure senideekin amaitzea helburu duen kartzela politikaren ondorio dira». Nabarmendu zutenez, «eskubide urraketa larrien» erakusle dira biziarteko zigorra «legeztatzea», sakabanaketa edo gaixo larriak espetxean izatea bezalako ekintzak. Horrela, «gerra zikinak» bizirik dirauela eta azken lau hiletan denera 21 tortura salaketa izan direla gogorarazi zuten. «Estatu polizial batean bizi gara, astero polizia operazioak ditugu eta gure errepideak kontrolez okupatzen dituzte», esan zuten.

Boulevarden zein Arriagan, «ezinbesteko»tzat jo zuten gobernu espainol eta frantsesak Euskal Herrian «ezarri duten erregimen errepresiboari» aurre egitea. Edozein lan politiko errepresio horren «jomugan» dagoela azaldu zuen, eta hori gutxi balitz bezala, errepresaliatuen eskubideak eta horienganako elkartasuna defendatzen dituztenak ere espetxera eraman izana gogor gaitzetsi zuten.

Euskal Herria «benetako prozesu demokratiko» baten bidean «urrats sendoak» ematen ari dela-eta, gisa honetako operazioek prozesu hori «oztopatzea» eta «lehertzea» dutela helburu ohartarazi zuten bozeramaileek, eta horregatik, datozen hilabeteetako «egiteko nagusia» errepresio estrategia hori «indargabetzea» izango dela nabarmen- du zuten.

Guardia Zibila, trenean

Bilbora zein Donostiara bidean, bestalde, hainbat izan ziren Guardia Zibilak zein Ertzaintzak jarritako oztopoak.

Amurrioko bizilagun batek GARAri azaldu zionez, arratsaldean Urduñatik Bilbora 16.15ean irten zen trenean sei guardia zibil eta kalez jantzitako beste hainbat igo ziren. Jendea identifikatu eta «galdera pertsonalak» egiten aritu ziren, Laudion jaitsi ziren arte.

Diez arrestados pasan hoy ante el juez

El juez de la Audiencia Nacional española Fernando Grande-Marlaska interrogará hoy a los diez detenidos el pasado miércoles en Bizkaia y Gipuzkoa. Los letrados Arantza Zulueta, Jon Enparantza e Iker Sarriegi, junto con el pintor y profesor de la UPV Erramun Landa, Naia Zuriarrain, Saio Agirre, José Luis Gallastegi, Joxe Domingo Aizpurua, Juan Mari Jauregi y Asier Etxabe han permanecido incomunicados durante estos cinco días. A todos ellos, la Guardia Civil les imputaría delitos de «integración en organización terrorista» o «colaboración con ETA». Pero los detenidos son ex presos políticos vascos, familiares de represaliados y abogados que les atienden. En la misma operación fue arrestado David Pla en Hendaia. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo