GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Beteranoek ez diete gazteei barkatu

Antonio Senosiainek, Aitor Senosiainek eta Felix Etxeberriak lortu zuten atzo Lekunberrin laugarren kanporaketan aritzeko txartela.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran orain arte gazteek hartua zuten protagonismo nagusia, baina atzo Lekunberrin jokatu zen hirugarren kanporaketan betikoek egin dute aurrera. Senosiain anaiak eta Felix Etxeberria izango dira hurrengo kanporaketan.

Urrezko Aizkorako hirugarren kanporaketa jokatu zen atzo Lekunberrin, eta bertan Joxejuan Barberenari ere omenaldia eskaini zioten. Zaleek erantzun ona eman zuten, eta harmailek itxura bikaina izan zuten.

Bederatzi aizkolari neurtu ziren, eta hasteko hiruna aizkolariko hiru multzo egin ziren. Ligaxka moduan jokatu zen, eta multzo bakoitzeko liga horretan denak denen aurka neurtu ziren, bakoitzak enbor bat mozteko. Lehen fasean, azkenak bakarrik geratu ziren kanpoan.

Lehen multzoan, Irazabal, Etxeberria eta Erdozia neurtu ziren, eta azken hau geratu zen kanpoan. Onena Etxeberria izan zen. Bigarren multzoan, Senosiain I.a, Saralegi eta Xabier Mindegia neurtu ziren, eta azken hau izan zen kanpoan geratu zena. Onena, berriz, Senosiain I.a izan zen.

Hirugarren multzoan, berriz, Senosiain II.a, Olano eta Ugarteburu neurtu ziren, eta azken hau izan zen kanpoan geratu zena. Bi saioak doi-doi galdu zituen, baina bietan kale egin zuen, eta ezin izan zuen aurrera egin. Onena, berriz, Aitor Senosiain izan zen.

Bi enborretara

Lehen fasea amaituta, bigarren eta azken saioa jokatu zen sailkatu ziren sei aizkolarien artean. Neurketa hauetan, lehen fasekoak elkarrekin gurutzatuta izan ziren, eta hiru kanporaketa jokatu ziren.

Aizkolari bakoitzak bina enbor moztu behar izan zituen, eta orain arte lehen aldiz jokatu da proba hau, beti enbor bana moztera jokatu izan baitute orain arte, baina atzoko bigarren saioan bina moztera jokatu zuten. Hantxe izan zen beteranoen eta gazteen arteko dema, eta eskarmentua duten aizkolariek lortu zuten garaipena, gazteek oraindik lanean jarraitu beharko dutela agerian utziz.

Bigarren kanporaketa erabakigarri hauetan, Etxeberria eta Saralegi izan ziren neurtu ziren lehenak, eta Sunbillakoak garaipena lortu zuen Ruben Saralegi kanpoan utziz.

Bigarren kanporaketan Antonio Senosiain eta Arkaitz Olano neurtu ziren. Olaguekoarentzat lan oso egokia zen atzokoa, eta ez zuen barkatu. Olanorengan itxaropen handiak daude jarrita, baina atzokoan Senosian zaharrak ez zion barkatu, eta garaipena erdietsi zuen hurrengo faserako txartela lortuz eta leitzar gaztea kanpoan utziz.

Azkeneko kanporaketa Aitor Senosiainek eta Irazabalek jokatu zuten. Azken hau izan da orain arteko ezusteko nagusia, lehen bi faseak gaindituta, eta atzo ere amaierara bitarte lanean aritu zen, baina ezin izan zuen Olagueko anaiarik gazteena mendean hartu, eta hementxe amaitu da bere ibilbidea aurtengo maila nagusiko Urrezko Aizkorari dagokionez. Aitor Senosiainek bere eskarmentua agerian jarri zuen, eta garaipena eskuratu zuen, eta hau ere, bere anaia eta Felix Etxeberria bezala, hurrengo kanporaketan izango da, eta hiruren helburua ligaxkan sartzea izango da orain.

Beraz, atzokoa ikusita, esan daiteke ez zela izan ezusterik, sailkatu ziren hirurak oso azkarrak baitira, eta lan hauetan oso trebeak ere bai. Agian Ugartebururengan bazegoen itxaropen gehiago, baina Ezkioko aizkolari beteranoak ez zuen zorte handirik izan, izan ere, lehen faseko bi saioak galdu egin zituen.

Gazteak, berriz, oraindik lanean jarraitu beharko dutela ikusi zen, baina atzoko hiru gazteenak, Saralegik, Irazabalek eta Olanok 19na urte dituzte, eta aurrera egiteko izango dute aukerarik. Hauek amaitu dute helduen Urrezko Aizkora, baina hirurak arituko dira 23 urtez azpiko lehiaketan. Hori maiatzean izango da, eta hirurak ere oso kontuan hartu beharrekoak izango dira.

Barberenak bere lanaren ordaina jaso zuen

Joxejuan Barberenak ongi merezitako omenaldia jaso zuen atzo Lekunberrin izan zen jaialdian. Beruetekoak aizkora uzteko hautua egin du, nahiz eta oraindik erakustaldi batzuk egiteko asmoa baduela azaldu duen. Atzo opari mordo bat jaso zuen, baita bere kide izan diren gehienen esker ona ere. Opariez gain, Urrezko Aizkorako saioa ere izan zen bertan, baita harri-jasotzaileak ere. Horiez gain, binakako torneoa ere jokatu zen, eta Larretxea-Arria izan ziren onenak. Bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozten 7 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten. Horien atzetik, berriz, Arrospide-Olasagasti eta Nazabal-Rekondo sailkatu ziren.

J.L.

Mendizabalek herrian jasoko du lehen omenaldia

Zendu berria den Joxemari Mendizabalek Adunan, bere jaioterrian, jasoko du lehen omenaldia. Datorren igande arratsaldean jokatuko da Gorostidi Harria Txapelketa, eta bertan omenaldia eskainiko diote. Harri-jasotzeko txapelketaz gain, iragarrita zegoen aizkora ekinaldia ere egingo dute, eta Mendizabalen ordez Azurmendiren aurka arituko da Olasagasti.

Euskaldunek ezin izan dute TWIFen batzarrera joan

Islandiako sumendiak makina bat arazo ekarri ditu, eta horiek herri-kiroletara ere heldu dira. Asteburuan TWIF Sokatirako Nazioarteko Federazioaren batzarra egitekoa zen Londresen, baina euskaldunek ezin izan dute bertan parte hartu; izan ere, bertako aireportua itxita egon da eta Ingalaterrako hiriburura bidaia egitea ezinezkoa izan zaie euskaldunei. Bestalde, Lur Gaineko Txapelketa maiatzaren 9an hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo