GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Errugbia Ohorezko Maila

Santboianaren aurka galduta, estu eta larri ibiliko da Ordizia

Gernika Bizkaiak ere galdu egin zuen bigarren zati negargarri bat egin ostean, eta oraingoz kolokan jarraituko du mailari eusteko aukerak.

SANTBOIANA 12

AMPO ORDIZIA  6

Jon LEUNDA

Arazotan sartu da Ampo Ordizia. Atzo garaipena lortuta mailari eusteko txartela segurtatzeko parada zuen, baina galdu egin zuen, eta une honetan jaitsierako postuetatik bi puntura dago.

Defentsako lanari esker batutako puntua dela-eta, une honetan Bera Bera baino bi puntu gehiago dute ordiziarrek, eta badirudi bi horien artean egon daitekeela mailari eusteko borroka, nahiz eta geratzen diren bi jardunaldietako batean, behintzat, Santboianak ere garaipena beharko duen. Gernika Bizkaia bera ere ez dago erabat arriskutik kanpo.

Goierritarrek kanpoan izan dute arazoa. Etxean sekulako denboraldia egin dute, baina Altamiratik kanpo puntuak batzea asko kostatu zaie, eta atzokoa horren adierazgarri izan zen. Partida bera ez zen ona izan. Bi taldeek asko zuten jokoan, eta hori asko nabaritu zen, presio handiarekin jokatu baitzuten, eta joko handirik ez zen ikusi. Horrelakoetan ostikoek sekulako garrantzia hartzen dute, eta atzokoan bi taldeek lortutako puntu guztiak ostikoen bidezkoak izan ziren, baina arlo horretan ere etxeko taldea hobeto aritu zen.

Kataluniarrak 6-0 aitzineratu ziren Vicentek lortutako bi zigor-kolpeei esker, baina bigarren zatiaren lehen minutuetan Huxfordek gauzatutako bi zigorrei esker neurketa berdindu egin zuten gipuzkoarrek. Bazirudien garaipena ere eskuratzeko moduan izan zitezkeela. Gero, ordea, berrio ere Vicentek bi ostiko barrura bidali zituen, eta puntuei eutsi egin zien Kataluniako taldeak. Aurrerantzean estu eta larri ibiliko dira Ampo Ordiziako mutilak.

Gernika, gaizki

Gernikak ere ez du oraindik segurtatuta mailan jarraitzea, nahiz eta Ohorezko B Mailara jaisteko, geratzen zaizkion bi partidak galtzeaz gain, atzekoek irabazi egin beharko lituzketen -eta hori ez da erraza izango-. Beraz, Gernikak maila galtzeko gauza asko gertatu beharko lirateke. Nolanahi ere, hurrengo jardunaldian irabaztea dute onena, badaezpada.

Atzo Sevillan jokatu zuten Cajasolen aurka eta galdu egin zuten 39 eta 17. Euria eta haizea izan ziren norgehiagokako protagonista nagusiak, eta horrek ez zion berde-beltzei mesede handirik egin.

Partida arraroa izan zen. Izan ere, lehen zatian euskaldunak nagusi izan ziren, eta atseden hartzera 0-17 aurretik zirela joan ziren. Bazirudien puntuak Bizkaia aldera ekartzeko modua egingo zutela, baina bigarren zatia benetan kaskarra egin zuten, lerro guztietan gainera, eta amaieran esku hutsik geratu ziren bizkaitarrak. Cerettok eta Basilek entsegu bana lortu zuten. Lanfranconik, berriz, bi transformazio eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen.

Lauzirika, Hutchinson, Ibarburu, Ortiz, I. Urrutia, Bilbao, Egurkiza, Zabaloy, Ceretto, Solerno, Basile, Coronel, Amor, X. Urrutia eta Lanfranconi izan zen Gernika Bizkaiak zelairatu zuen hasierako hamabostekoa. Monje, Agirre, Genetxea, Larrauri eta Del Bosque ere aritu ziren partidan zehar.

IGOERA FASEA

Hernanik atzo ekin zion Ohorezko Ligan jokatu ahal izateko igoera faseari. Joaneko partidan 18-13 galdu zuen Valentziaren zelaian eta, beraz, bost puntuko aldeari buelta eman beharko dio datorren igandean Landaren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo