GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Etxegiroan.com», ipuinak entzuteko ataria haur eta helduentzat

Webgune berri batek ipuinak entzuteko aukera eskaintzen du. Euskaraz eta gaztelaniaz ageri dira kontakizunak, eta haur eta helduei zuzenduta daude. «Mimo handiz» landutako idazle ezagunen narrazioak dira, «etxe giroan» forma emandakoak.

p051_f01_144x100.jpg

GARA | BILBO

Lagun batek opari bat egiteko eskaeratik abiatu zen etxegiroan.com ataria. Maria Uriarte eta bere bikotekide Tomas soinu teknikariari bururatu zitzaien ideia. Kontakizunak hartu, grabatu eta musikaz lagunduta, modu erakargarrian aurkezten dituzte. Guztia bildu eta Interneten zintzilikatzeko Osoitz Elkorobarrutia batu zitzaien proiektura.

«Mimo eta maitasun handia darien lanak egiten ditugu etxeko estudioan», azaltzen dute webgunean. «Narrazio laburrak, poemak, liburuen pasarteak eta haurrentzako ipuinak grabatu eta editatzen ditugu, musikaz batera».

Honela, edonoren eskura jartzen dituzte pieza txiki hauek: «Gure gustuko testua aukeratu, mamurtu eta hots bihurtu. Ondoren, ipuina musikatu, ahotsa emeki `labekatu' eta hori guztia zuen bihotz-belarrien gozamenerako gauza bilakatu», adierazten dute.

Webgune sinplea da, argia, nabigatzeko zailtasunik gabea. Ipuinak hiru multzotan daude sailkatuta: helduentzat euskaraz, haur eta gazteentzat euskaraz eta helduentzat gaztelaniaz.

Helduentzako atalean, esaterako, euskarazko sailean Uxue Apaolaza, Amets Arzallus, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Jon Maia eta beste hainbat idazleren ipuinak topatuko ditugu. Baita kanpotar idazleen lanak ere, Mario Benedettirenak kasu.

Ipuinen iraupena ere asko aldatzen da, minutu erditik hasi eta hamar minututik gorakoak ere badira.

Orain arte enkargu ezberdinekin egin izan dute lan, baina apurka-apurka, webgunera audioak gehituz joango dira.

KONTAKIZUNAK

Mikro-ipuinak eta poemak grabatzen dituzte, baita liburuetako narrazio luzeagoen pasarte batzuk ere, guztiak musikaz lagunduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo