Imanol Alvarez, Jaime Mendia eta J. Ignacio Sanchez Bilboko EHGAM
Eremu publikoaren «okupazioa» arautzen duen udal-ordenantzaren aurka
Egia esan, nahiz eta azken hamarkadotan gauzak nahikotxo aldatu diren, Azkuna bezalako jaun bat alkate jarri duen alderdi elizkoitik eta frankismoaren oinordekoa den bestetik horrelakorik etortzeak ez gaitu harritzen
Orain bi urte Bilboko Udalak eremu publikoaren «okupazioa» arautzeko ordenantza-zirriborroa egin zuen. Orduan EHGAM aurka azaldu zen, sexu askatasunaren zein emakumeen eskubideen arloetan lan egiten duten beste elkarte batzuekin batera, besteak beste, gizarte-hipokrisian eta sexofobian oinarritzen zelako, gure ustez, arautegi-proiektua. Aipaturiko elkarteok batzartuta, udal talde guztiekin biltzea erabaki genuen. Bilera horien ondorioz, zirriborroa kaxoian sartzea eta orain gutxi arte hor gelditzea lortu genuen.
Ordenantza haren xedea, oro har, gaur egun nahiko murriztuta dauden askatasunak are gehiago murriztea zen, esparru askotan eta oso modu zabalean. Ikur eta aitzakia gisa prostituzioaren gaia erabili zuten, ziur aski pentsatzen zutelako horrela beste guztia erraz pasatuko zela ia oharkabean.
Zoritxarrez, badirudi atera berri dutela kaxoitik eta berehala indarrean jarri nahi dutela.
Jakin badakigu Udala bitarte horretan hainbat auzo-elkarterekin harremanetan egon dela. Hedabideen bidez jakin dugu San Frantzisko inguruko, Saralegiko eta Miribillako elkarteren batzuen aportazioak jaso omen dituztela, bederen. Baina, era berean, kontsultaturiko elkarte guztienak kontuan hartu ez dituztela ere badakigu. Adibidez, San Frantziskoko betiko Auzo Elkarteak prostituzioaren inguruko hausnarketa interesgarri batekin erantzun zion Udalaren eskaerari, eta proposamen zehatz batzuk egiten zituen: prostitutekin beraiekin biltzea arazoak aztertzeko, lan-prestakuntza eta lanpostuak sortzea, doako altzariak jartzea, osasun-tailerrak antolatzea, varieté-eskola eta kabareta sortzea... Proposamen horietatik bat ere ez dute aintzakotzat hartu eta errepresioa eta zigorra baino ez da agertzen arautegi berrituan.
Ordenantza berrituaren 16. artikuluan espresuki debekatzen da eremu publikoetan sexu-harreman oro (izaera intimokoak, sexu esplizitua...), prostituzioa barne. Nolabait justifikatu nahian, Udaletik beti aipatzen dituzte aitzakia berberak: eskolen inguruetan egoten direla zigortu nahi dituzten prostitutak; berauek zarata, zikinkeria eta bestelako «molestiak» eragiten dituztela...
EHGAMeko kideok, beren-beregi dagokigun sexu askatasunaren kontrako eraso honen aurrean, hurrengo gogoetak plazaratu nahi ditugu:
1- Kalean laztanak eta zirriak egitea, musuak ematea eta abar ez du inongo legek debekatzen, eta Udala ez da nor hori egiteko. Laztanak, zirriak, musuak eta abar, gainera, ezin dira inoiz kaltegarritzat hartu eta ez dira zertan ezkutatu, ezta umeengandik ere. Are gehiago, maitasun eta plazer adierazpenak dira eta hori ikustea oso onuragarria izan daiteke edonorentzat, baita umeen heziketarako ere.
2- Udala eta hainbat auzokide horrenbeste kezkatzen omen dituzten prostitutak lanean hasten direnerako eskola aspaldi itxita izaten da eta, berez, kalean umerik ez luke behar. Edozelan ere, prostituzioa bizitzaren errealitatearen alde bat ere bada eta ez da zertan ezkutatu, ezta umeengandik ere. Eskola horren ondoan bi eliza ere badaude (bata ebanjelikoa da eta bestea katolikoa), eta horietan sexismoan eta homofobian hezten dituzte umeak eta gezurrak baino ez zaizkie irakasten. Dozena bat prostituta baino hamaika aldiz arriskutsuagoak dira umeentzat elizok; hala eta guztiz ere, auzokide horiek eta Udalak txintik ez.
3- Gutariko batzuk berton bizi gara (prostituta horiek ibiltzen diren kale tarte horretan, alegia) eta ondo baino hobeto dakigu (Udaleko kale-garbitzaileek dakiten bezala) gauero jasan behar izaten dugun zikinkeria eta zarata gehien-gehienak ez dituztela emakume horiek eragiten, bertan dauden eliza horietako bateko erabiltzaileek baizik, eta, hala eta guztiz ere, auzokide horiek eta Udalak txintik ere ez.
4- Eremu publikoaren «okupazioaz» ari bagara, kultu-orduetan dozenaka lagunek eta dozenaka ibilgailuk espaloiak okupatzen dituzte, gauerdia pasa arte askotan, eta udaltzainek txintik ez, komisaria ondo-ondoan izan arren.
Horrela segi genezake, kontraesanak eta zentzugabekeriak aipatzen, ad infinitum. Halere, esandakoekin argi gelditzen da hasieran adierazitakoa, ordenantzaren atal hau, behintzat, hipokrisia- eta zinismo-ariketa nabaria dela eta oraindik ere gure gizartean nahiko sustraiturik dauden sexismo, matxismo eta sexofobian oinarrituta dagoela.
Egia esan, nahiz eta azken hamarkadotan gauzak nahikotxo aldatu diren, Azkuna bezalako jaun bat alkate daukan alderdi elizkoi batetik eta frankismoaren oinordekoa den bestetik horrelakorik etortzeak ez gaitu harritzen; baina beren buruak ezkertiartzat duten alderdiak ere arautegi atzerakoi eta «libertizida» honen alde agertzea eskandaluzkoa iruditzen zaigu. Hemendik, azalpenak eman ditzaten eta berehala jarrera aldatu eta kontra ager daitezen eskatu nahi diegu EBri eta PSEri.