«Gurtel» auziko bi akusatuk, Barcenasek eta Merinok, Parlamentua utzi dute
PPko ustezko ustelkeria sarea ikertzen duen «Gurtel» auziko akusatu Luis Barcenasek -alderdiko diruzain ohia- eta Jesus Merinok atzo dimisioa aurkeztu eta senatari eta diputatu izateari utzi diote, alderdi eskuindarraren irudia garbi mantendu nahian.
GARA |
«Gurtel» ustelkeria kasuan ustez erantzukizuna duen PPko diruzain ohiak, Luis Barcenasek, senatari kargua utzi zuen atzo, Ganberan aurkeztu zuen idazkiaren bitartez adierazi zuenez. PPko iturriek Efe agentziari azaldu ziotenez, senatari kargua uzteko eskaera Barcenasen anaia batek aurkeztu zuen eta berehala sartu zen indarrean. Gauzak horrela, Barcenasen ordezko Leticia Diazek hartuko du Kantabria ordezkatzeko senatari postua.
PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalen iritziz, Barcenasen erabakia egokia da, horrela, bere buruaren defentsa oztoporik gabe prestatzeko aukera izango duelako eta aurrerantzean ez diolako alderdiari kalterik egingo.
«Ongi egin dena ongi egina dago», esan zuen De Cospedalek SER irratiari egindako adierazpenetan. Haren ustez, PPk modu egokian jokatu du afera honetan. «PPk egin beharrekoa egin du. Ez dut uste beste alderdiren batek guk espainiar jendarte hobe baten alde egin duguna egingo lukeenik».
Duela hamabi egun Madrilgo Auzitegi Nagusiak «Gurtel» auziko sumarioaren sekretua kendu zuenetik, Barcenasek PPn zituen kargu guztiak utzi ditu, bata bestearen atzetik. Azken urteotan alderdiko diruzaina izan da.
Horrela, apirilaren 8an diruzain izateari utzi zion eta PPko karneta itzuli zuen, alderdiko presidente Mariano Rajoyrekin bildu ostean. Horren ostean, alderdiak ordaintzen zion abokatua baztertu zuen eta, azkenik, senatari kargua utzi du orain.
Auzi berean auzipetuta dagoen PPko diputatu Jesus Merinok ere kargua utzi zuen atzo. Bere ordezko Sara Dueñas izendatu dute, Segoviako hautes-barrutiko zerrendan ageri zen hurrengo hautagaia. «Erabaki hau guztion hobe beharrerako da», esan zuen.
Barcenasek eta Merinok dimititu ostean, PPko ustezko ustelkeria sarearen inguruko auzia Auzitegi Gorenaren eskumenetik kanpo geratzen da, Madrilgo Auzitegi Nagusiaren mesedetan.