GARA > Idatzia > Ekonomia

Aldaketarako indarra badela aldarrikatuko du LABek M-1ean

Langileriaren nazioarteko egunean, aldaketa politiko eta sozialaren beharra aldarrikatu zuen iaz LAB sindikatuak. Aurten aldaketa gauzatzeko urratsak ematen hasteko garaia dela iritzi dio, eta aldaketa prozesuak behar duen indarra langileen borrokan dagoela. Mezu hori kaleratuko du sindikatu abertzaleak datorren Maiatzaren Lehenean Euskal Herriko 20 eskualdetan egingo dituen mobilizazioetan. «Helburu lorgarriak dira», esan zuen atzo Ainhoa Etxaidek.

p022_f01_199x140.jpg

Amaia ZURUTUZA

Azken hilabete luzeetan, besteak beste, Euskal Herriko gehiengo sindikalak aldarrikatu duen aldaketa gauzatzeko urratsak ematen hasteko garaia dela adierazi zuen atzo LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Azaldu zuenez, mezu hori indartu nahi du batez ere LAB sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenean. Izan ere, Euskal Herriak eta bertako langileriak behar duen benetako eztabaida hori dela adierazi zuen, hau da, aldaketa nahi dutenek aldaketa nola bideratuko duten ados dezaten.

Alde horretatik, aldaketa aldarrikatzeko unea amaitu eta berau gorpuzteko garaia dela baieztatu zuen eta Euskal Herriko langileriak baduela bide hori egiteko indar nahikoa. Hala, «langileon borrokan dago, zalantzarik gabe, aldaketa prozesuak behar-beharrezkoa duen indarra», esan zuen, «langileak garelako aldaketak behar ditugunak, langileria delako klase sozial nagusi eta zabalena».

Marko berria

Hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko, LABen ustez, lau ardatz izan behar ditu aldaketa prozesuak. Lehenik, marko politiko eta instituzional berria finkatu behar dela azaldu zuen Etxaidek, Euskal Herriak politika ekonomiko eta sozialak garatzeko aukera izan dezan.

Instituzioak herriaren zerbitzura jartzea da bigarren premisa LABentzat. Horretarako, parte hartze sozialerako ereduak gorpuztu behar direla azaldu zuen LABeko idazkari nagusiak. Aukera politiko guztiak instituzioetan ordezkatuta egotea ere ezinbestekotzat jo zuen.

Sindikatu abertzalearen esanetan, lehenbailehen egin beharrekoa da, halaber, Euskal Herriko gizon eta emakumeen lan eta bizi baldintzak hobetzea. Zentzu horretan, Etxaidek Euskal Herriko gehiengo sindikalak osatu duen eta 131.000 langilek babestu duten dekalogoa ekarri zuen gogora, eta bertan proposaturiko neurriak guztiz egingarriak direla azaldu zuen. Azkenik, eredu ekonomiko eta sozial berriaren oinarriak finkatu behar direla esan zuen eta, horretarako, Euskal Herriko eragileek akordio zabalak adostea defendatzen duela LABek.

«Helburu hauek lorgarriak dira», baieztatu zuen Etxaidek, «aldaketa horien alde borroka egiten duen jendartearen zati zabala dagoelako Euskal Herrian eta asko garelako helburu hauekin bat egiten dugun eragile politiko, sindikal eta sozialak». Alde horretatik, aldaketak lortzeko giltza «aliantza sendoak» egiteko gaitasunean dagoela esan zuen, eta elkarrizketa eta negoziazioen bidez euskal eragileen arteko akordio «sendo eta egonkorrak» eraikitzearen alde azaldu zen.

Funtsean, eta Euskal Herriak prozesu demokratikoa ezinbestean behar duela gogorarazi ostean, konpromisoak hartu beharra dagoela nabarmendu zuen. Horiek garatu ahal izateko ordea, Euskal Herrian jarduera politiko eta soziala antolatzeko joko arauak guztiz demokratikoak izan behar direla esan zuen.

20 eskualdetan

Datorren Maiatzaren Lehenean mobilizazioak egingo ditu LAB sindikatuak Euskal Herriko 20 eskualdetan. Krisi ekonomikoaren ondorioak nahiz Estatu espainolak egin nahi dituen erreformak salatzeaz gain, aldaketa beharrezkoa dela eta berau gauzatzea posible dela aldarrikatuko du.

Para LAB es necesario que Adegi retire su plataforma del Metal

La secretaria general de LAB, Ainhoa Etxaide, afirmó ayer que las negociaciones del convenio del Metal de Gipuzkoa están «totalmente bloqueadas» y «la mesa de negociación rota». Asimismo, explicó que es necesario que Adegi retire su plataforma «para poder negociar», ya que, sobre las propuesta planteadas por la patronal aseguró no se puede negociar.

Los sindicatos con representación en la mesa negociadora, ELA, LAB, CCOO y UGT se concentraran mañana frente a la sede de Adegi en Donostia para denunciar la actitud «intransigente» de la patronal. A.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo