GARA > Idatzia > Ekonomia

Angeluko Carrefourreko langileak berriro borrokan, soldatak direla medio

GARA |

Joan den larunbatean, Carrefourren lan egiten duten 500 langileetatik 200ek lanuztea egin zuten, CFDTk jakinarazi duenez. Urteko hitzarmenaren negoziazioak ez dira bide onean, batez ere, soldaten igoerari dagokionez. Enpresak %1eko igoera eskaini die, baina, langileen ustez, ez da aski. Gainera, kexu dira oso, igoera horretan lan absentismo-saria (77 euro urtean) barne hartu duelako.

Horrez gain, sari hori kalkulatzeko, zuzendaritzak absentismo kasuetan iraupen luzeko gaixotasun bajak, lan gaixotasunak, lan-istripuak eta emakume haurdunen patologiak ere multzo berean sartu ditu. Langileek sistema horrekiko desadostasuna agertu dute eta orain arteko sistema mantentzea eskatu diote zuzendaritzari. CFDTk, berriz, «langileen osasunarekin jolastea» leporatu dio eta jarrera aldaketarik ez bada, hilaren 30erako lan-uzteak iragarri ditu, «baina orduan, deialdia sindikatu guztien artekoa izanen da». Gorabehera hauek, Lan Arloko Prud'Hommes epaitegiaren langileen aldeko ebazpena jakin delarik gertatu dira. Duela urtebete salaketa kolektiboa jarri zuten Carrefourren aurka, orduan ere, soldata osatzeko moduan desadostasunak zirelako. Atseden aldiak lan-sarian sartzen zituen ugazabak eta, horrela, langile batzuk gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten zuten. Epaitegiak arrazoia eman die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo