GARA > Idatzia > Ekonomia

Lan eskaintzen berri izateko aukera gaur Biarritzen eta Hendaian

GARA |

Gaur, egun osoz, Biarritzeko Gaztegunean eta Elkarteen etxean, uda sasoiko lan eskaintzen berri izateko parada izango da. Eskaintza horiek, batez ere, 16 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduak dira eta, enplegu agentziak (INEM), udalek eta gazteez arduratzen diren erakundeek antolatzen dituzte. Beste horrenbeste egingo da Hendaian, baina beste era batean. Izan ere, gaurtik hasita, abuztuaren 28a arte, Portu karrikako gazte-informazio gunean, egunero 150 lan-eskaintza baino gehiago kontsultatzeko aukera izango da.

Zerbitzu horri esker, iaz 250 gaztek erantzun zieten eskaini ziren 536 lan eskaintzei. Eskaintzak ezagutzeaz gain, INEMeko aholkularien laguntza jaso, curriculuma prestatu eta enplegua eskaintzen duten enpresekin harreman zuzena izan dezakete bertaratutakoek.

Oporretan diren langileak ordezkatu behar direlako edo turismoak edota sasoiko jarduerek sortzen duten lan gehigarriarengatik, enpresek mota guztietako langileak hartzen dituzte esparru anitzetan: merkataritzan, ostalaritzan, jatetxeetan, animazioan, turismoan, mantentze-lanetan...

Gero eta maizago antolatzen dituzte harreman zuzena eskaintzeko mota honetako guneak eta ez soilik uda-sasoirako. Joan den ostegunean, esaterako, Ipar Euskal Herriko enplegu-agentzia gehienen artean eratuta, Angelun jardunaldi handia egin zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo