GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Promozio Txapelketa

Garaipen garrantzitsua, baina ondo sufrituta

Arretxe II.ak eskuko minez jokatu zuen partidaren zati handiena, Urrutikoetxearen pilotakada ugariei airez erantzuteagatik. Bizkaitarrak egindako huts batzuek nafarrari eman zioten garaipena amaieran.

p040_f01_199x120.jpg

ARRETXE II 22

URRUTIKOETXEA 19

Imanol CARRILLO

Ondo sufrituta, baina garaipen bikaina lortu zuen Iker Arretxek Tolosako Beotibar pilotalekuan Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatutako neurketa gogorrean. Gustura dastatzen den garaipen horietakoa izan zen, gainera. Baina nafarrak, ziur aski, oso gau txarra pasako zuen etxean, neurketak iraun zuen denbora gehiena eskuko minez aritu baitzen.

Sufrimendu horren errua bere aurkari Urrutikoetxeak izan zuen. Bizkaitarra helburu bakar eta argiarekin atera zen kantxara: Arretxe II.a atzeko koadroetan nekaraztea eta airez sartzera behartzea. Pentsatu, saiatu, egin eta asmatu. Primeran atera zitzaion estrategia Zaratamoko aurrelari gazteari neurketaren erdialdean.

Hala ere, etorkizun bikaina izan dezakeen aurrelariak eskarmentu falta eta urduritasuna izan zituen areriorik nabarmenenak partidaren amaieran, eta neurketa galdu zuen.

Hasiera, ordea, ona izan zen bizkaitarrarentzat. Arretxeren huts batek lehen tantoa eman zion urdinari. Baina nafarra ez zegoen opari gehiago egiteko prest, eta bere joko aproposena egiten hasi zen. Sake ederrak egin eta zenbait pilotakada atzera bidali ostean, txokoan eta zabalean egindako hainbat dejadak gorriaren alde ipini zuten markagailua. 8-0ko partzialak aldea handitu zuen.

Neurketaren norabidea zein izan zitekeen ikusita, bi pilotariek azkar antzeman zuten txapelketako final-laurdenetako ligaxkan egoteko aurretik jokatutako kanporaketen aldean oso ezberdina izango zela lehia hau.

Orduan hasi zen esnatzen Zaratamoko aurrelari garaia. Bere aurkaria nekatu eta txikitzeko etxetik ondo pentsatuta ekarritako estrategia ipini zuen martxan. Pilotakada gehienak atzera bidali zituen urdinak, gero eta indartsuago eta atzerago bidaliz. Horren aurrean, Arretxek bikain defendatu zuen bere burua, Urrutikoetxearen kolpeei behin eta berriro airez erantzunez.

Pilotakada guztiak eramatea ezinezkoa denez, Luzaidekoak amore eman behar izan zuen bere ahaleginean. 10-12 ipini zen aurretik Urrutikoetxea.

Zehaztasun falta

Bizkaitarraren kolpe latzek eta nafarraren defentsa itzelak nekeari egin zioten lekua. Hala antzeman zen, behintzat, bien aurpegietan hamabina berdindu zutenean.

Une erabakiorra izan zitekeen, eta inork ez zuen garaipenaren bidetik alde egin nahi. Markagailuak alde batera eta bestera jo zuen, Arretxek bere bederatzigarren sakearekin hemeretzina berdindu zuen arte.

Orduan heldu zen zehaztasun falta. Horretan Urrutikoetxea izan zen galtzaile, bi pilota garbi galdu baitzituen: lehenengoan, ezkerrez kanpora bidali zuen pilota, eta, bigarrenean, bi pareta egiten saiatu zen, baina oso gaizki atera zitzaion.

Ligaxkako lehen puntu honekin erosoago joka dezake hurrengo neurketa Arretxek, baina ondo zaindu beharko du eskua.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo