GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko erdiguneko aisialdirako plaza bihurtuta dator Alhondiga berria

Orain 101 urte ardo salmentarako upategiak jasotzeko eraiki zuen Alhondiga Ricardo Bastidak, orduko Bilboko udal arkitekto ezagunak. Urte luzetan itxita egon eta gero, zaharberrituta dator orain, itxuraz zein asmoz. Bilbo erdiko aisialdi gune berriak 42.000 m2 ditu eta eraberritze lanetan 70 milioi euro erabili dira. Aurki hiriko plaza estalia izango denak maiatzaren 19an irekiko ditu ateak, zinema, jatetxe, mediateka, igerileku, erakusketa areto eta besterekin.

p041_f01_ona.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Kiroldegia da -igerilekua eta gimnasia guneak ditu-, baita kulturgune ere -auditorio, mediateka eta erakusketa gela ditu-. Baina askoz gehiago izateko helburua du Alhondiga berriak, hiri erdiguneko plaza estalia izateko asmoz jaioa.

«70 milioi euro erabili dira 42.000 metro koadroko eraikin berria egiteko, eta diru asko da», esan zuen atzo Bilboko alkate Iñaki Azkunak, eta bada bai, «Bilbo suspertzeko balio dezan» erabilitako dirutza. Eta aurki frogatuko dugu asmoak betetzen dituen, maiatzaren 18an irekiko baititu ateak.

Alta, inaugurazioa baino lehen hiritarrei gune berria ezagutarazteko asmoz, Alhondigako lan taldeak bisitaldi gidatuak egiteari ekin zion atzo, eta horretarako 101 lagun gonbidatu zituen (7.000 inguruk emana du izena dagoeneko, eraikina barrutik ezagutzeko).

Zabala, tokiz eta edukiz

Eta, egia esan, ikusgarria da barrutik «plazak» duen itxura -erabilerari dagokionez, asmoak betetzen dituen ikusi beharko-, atzo Iñigo Aboitizek gidatutako aurreko bisitaldian ikusi genuenez. Arrikibar plazako ertzetik izango du Alhondigak sarrera nagusia, atrio edo plaza estalira eramaten duena. Eraikina inguratzen duten espaloi guztiak hankaz gora dira, eta langileak haiek konpontzen jo eta su. Beraz, inguruan zulatzaile eta oratzaileak oraindik martxan zirela, bertan hasi genuen ibilbidea, atrio irekian, segurtasun agiriak sinatu eta kaskoa jantzita.

Ricardo Bastidak 1909an gauzatu zuen eraikinaren fatxada, baina egungo Alhondigak ez du mantentzen. Bere garaian upategi txikitan banatutako 150 ardogile hartzen zituen guneak atrio ikaragarri zabala hartzen du egun, Philippe Starck-ek (Paris, 1949) diseinatua. Bertan munduko zibilizazioen historia laburtu nahi duten 45 zutabe ditugu, guztiak ezberdinak... eta, gure aburuz, itsusi samarrak.

Eraikinak Bastidak erabili zituen materialak mantentzen ditu: beira, adreilu gorria, hormigoi armatua eta egurra. Behera jo eta bi solairu ditugu. Aurrenekoan laurehun lagunentzako edukiera duen auditorio ederra dago -hirian barreiaturik diren besteak osatzera omen datorrena-. Eta bigarrenean, Bilboko erakusketa areto handiena -gela bakarra-, 1.200 metro koadrokoa; gehi zazpi zinema areto, Golem etxeak kudeatuko dituenak, zinema independenteari tokia egiteko (sei aretok 60 besaulki dituzte, eta batek 240). Solairua Bastida aretoak osatzen du, arkitekto ezagunaren omenez sortua.

Berriro atriora itzulita, gora joko dugu orain. Hemen bi eraikinetan banatzen da gunea. Horietako batek hiru solairu ditu eta mediateka jasoko luke -biblioteka garatua-, egunkari, kazeta, komiki eta liburuez gain, musika, pelikulak eta beste ere izango dituen gunea.

Besteak kiroldegia jasotzen du. Behean, 1.200 metro koadrotan, gimnasia aretoak daude, aurki 180 makinak beteko dutena (muskulazio ariketak egiteko). Eta goian, berriz, -atzo gehien goraipatu zen gunea-, igerilekuak eta ondoko terraza zoragarria, 6.000 metro koadrotan. Igerilekuak bi dira (batek 1,20 metroko sakonera du eta bestea bitan zatituta dago, 90 eta 60 zentimetroko sakonerarekin). Gidariak esan zigunez, kiroldegia erabiltzeko ordutegia goizeko zazpietatik gaueko hamaiketara izango da, beraz, «kirolik ez egiteko aitzakiarik ez dago».

Alhondiga maiatzaren 18an inauguratuko da, biharamunean lehen erakusketa jasoko du, ekainean kirol jarduerak eta urrian mediateka zabaldu nahi dituzte eta udazken bukaerarako eraikin osoa martxan izatea espero da.

AURREKONTUA

Bilboko alkate Iñaki Azkunak esan zuenez, 42.000 metro koadro eraikitzeko 70 milioi eurokoa izan da aurrekontua, eta beste bost beharko dira hiriko eskaintza osatuko duen gunea hornitzeko.

Alhóndiga Bilbao, a pleno rendimiento en otoño

Alhóndiga Bilbao, que ha recibido 20.000 visitas en su punto de información, abrirá sus puertas oficialmente el próximo 18 de mayo. Al día siguiente, inaugurarán dos exposiciones que comparten temática, «Proyecto tierra» y «Tierra natal».

A principios de junio se pretende dar inicio a las actividades deportivas (gimnasio y piscinas), que se integrarán en Bilbao Kirolak y en octubre la medioteca, que a su vez se integrará en la red de bibliotecas de la ciudad, para que en otoño la nueva infraestructura esté a pleno rendimiento, con un horario amplió que va de las 7.00 a las 23.00; excepto la salida del auditorio, de aplicación tecnológica avanzada, los siete cines gestionados por Golem -adaptadas a personas con limitación auditiva- y los tres restaurantes (con cocina del mundo, taller gastronómico o buffet), que tendrán un horario más extenso.

En el portal www.alhondigabilbao.com se puede encontrar información con la oferta completa del espacio, que nace para complementar la ciudad y ser plaza cubierta en el centro de Bilbo. A. B.

Fitxa

Eraikina: Bilboko Alhondiga.

Irekiera: Maiatzaren 18a.

Edukiera: 42.000 m2 (70 milioi euroko lanak).

Erabilera: Erakusketa aretoa + auditorioa + 7 zinema areto + igerilekuak eta gimnasia aretoak + kafetegia + 3 jatetxe + mediateka...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo