Kakiturri-Ehari taldeak eskuratu du finalerdietan jokoan zegoen bigarren puntua
GARA | GASTEIZ
Arabako Kuadrilla arteko I. Bertsolari Txapelketak eginak ditu jada lan erdiak igandean Araiako Andra Mari aretoan jokatu zen finalerdietako ligaxkako bigarren saioarekin. Antoltzaileek jakinarazi zutenez, jende ugari bildu zen taularatu ziren bi taldeek zer egingo ikustera. Alde batetik, finalerdietako beteranoak, Kakiturri-Ehari taldekoak aritu ziren Felipe Zelaieta, Asier Otamendi eta Gaizka Urtaranekin. Bestetik, Amurrioko Altubepekoak, eta haiekin bertsotan sei lagun: Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Nor baino nor aritu ziren bi taldeak norgehiagokan, baina azkenean Kakiturri-Eharik eraman zuen jokoan zegoen puntua.
Saioan, Beñat Goitia gai jartzaileak jarri zizkien eginbeharrak parte hartzaileei. Ofizioko saioak «txukun» joan zirela azaldu zuten antolatzaileek. «Maila polita erakutsi zuten bi taldeetako bertsolariek eta gaiei behar bezala erantzuten jakin zuten denek», esan zuten. Zortziko nagusiko saioak ohi bezala serioagoak izan ziren, baina txikian Felipe Zelaietak eta Ainhoa Comasek egindako lanak aipatu zituzten. Paraxutean elkarrekin jausi beharreko monitore eta ikaslearen azalean jarri zituen gai emaileak.