GARA > Idatzia > Kultura

Nazioarteko zortzi film estreinatuko ditu Bilboko FANT zinemaldiak

Sail Ofizialean emango dituen nazioarteko filmez gain, Bilbok zinema fantastikoari maiatzaren 3tik 9ra eskaintzen dion jaialdiak «B Serie»ko klasikoak ere proiektatuko ditu, eta Hitchcock maisua omenduko du. Eta maiatzaren 8an, Nontzeberri Gaua ospatuko da.

A. BILBAO | BILBO

Maiatzaren 3tik 9ra bitartean Zinema Fantastikoak hartuko du Bilbo. FANT jaialdiaren XVI. edizioak hamar herrialdek ekoiztutako filmak aurkeztuko ditu, eta guztira zortzi izango dira sari nagusia irabazteko lehian bertan estreinatuko diren nazioarteko filmak.

Sail Ofizialeko epaimahaia hiru zuzendari euskaldunek osatzen dute: Pablo Malo eta Izibene Oñederra gipuzkoarrek eta Carlos Juarezek.

FANT Laburrean sailaren barruan, hamabi film labur izango dira 3.000 euroko sari berri bi eskuratzeko lehian. Gaztetxoentzako filmak ere emango dituzte aurten, baita «B Serie»ko klasiko batzuk ere, Zinemaren Pozoia atalean.

Bestalde, urtero talentu gazteari ematen zaion Fantrobia saria Alex eta David Pastor katalanek jasoko dute aurten. Bi anaiek Sundanceko jaialdi ospetsuan nazioarteko film labur onenaren saria eskuratu zuten «Larutanatural» lanarekin eta goraipamen ugari jaso dituzte AEBetan egin duten «Carriers», film luzearekin ere.

Gainera, zinemaldiak generoko klasiko handienetako batentzako lekua ere izango du, eta estreinatu zeneko 50. urtemuga eta Alfred Hitchcock hil zeneko 30. urtemuga betetzen den honetan, «Psicosis» omenduko dute, zinemaren historian ezinbestekoa den pelikula berriro pantailaratuz, Edgar G. Ulmer, Robert Aldrich eta besteren klasikoekin batera, FANT Maisuak sekzioan. Eta Saio Berezi gisa, Ducan Jonesen (David Bowieren semea) «Moon» film goraipatua emango dute -Sitgesen saritua-, britainiarraren estreinako lana.

Nontzeberri Filmak

Nontzeberri Gaua maiatzaren 8an izango da, nazioarteko zinema eta animaziozko film laburren Nontzefilmak On-line Lehiaketara aurkeztutako lanak ikusteko, www.nontzeberri.com atarian. Lehiaketara 148 lan aurkeztu dira -69 Euskal Herrikoak-, gehienez hiru minutu eta erdiko film laburrak.

Zinema aretoetatik kanpo gainera, eta aurreko urteetan legez, jaialdiak musika emanaldia antolatu du, etzirako, apirilak 3o, Kafe Antzokian. The Fleshtones eta Dictators taldeko kideez osatutako The Master Plan taldeak eta telebistako antzezle ezagun Tete Delgadoren Los Ciclones taldeak joko dute bertan (sarrerak 6 euroan dira). Eta maiatzaren 2an, jaialdiaren etorrera iragartzeko, Gaitzerdi antzerki taldeak aurtengo jaialdiaren afixa irudikatuko du Abandoibarran, 13.00etan.

Jaialdiko Sail Ofiziala Paul Weitzen «Cirque du Freak: The Vampire's Assistant» filmak irekiko du. Fantasia eta komedia makabroa bikain konbinatzen dituen lana omen da Weitzek egin duena -Willem Dafoe eta Salma Hayek izarrak antzezle dituela-, Darren Shanen nobelen egokitzapena.

Aipatutako filmaz gain, Ivan Engler eta Ralph Etterren «Cargo» (Suitza), Hong-jin Naren «The Chaser» (Hego Korea), Ole Bornedalen «Deliver us from Evil» (Danimarka-Norvegia-Suedia), Philippe Grandrieuxen «Un lac» (frantses Estatua), Peter Van Heesen «Left Bank» (Belgika), Uros Stojanovicen «Tears for Sale» (frantses Estatua-Serbia), eta Nicolas Winding Refn-en «Valhalla Rising» (Danimarka-Britainia Handia) bikingoei buruzko filma izango dira aurten lehian. Eta sari nagusia eskuratzen duen filma, ohi denez, berriro ikusi ahal izango dugu maiatzaren 9an.

Jaialdiko egoitza Capitol zinema aretoak izango dira, sarrerek 5 euro balio dute eta jaialdi osoko bonoak beherapena du, %30ekoa. Egoitza osagarri gisa, San Frantziskoko Udaltegian eta Fnac saltokian ere filmak emango dituzte, doan.

SAIO BEREZIA

David Bowie pop izarraren seme Ducan Jonesen zuzendariaren «Moon» estreinako lana, zientzia-fikziozko thriller bikaina emango dute Saio Berezian, besteak beste Sitgeseko jaialdian saritua izan dena.

ZINEMAREN POZOIA

Edgar G. Ulmer zinemagile txekoslovakiarrari buruzko dokumental bat emango du Zinearen Pozoia sailak, eta haren goi mailako lan bi FANT Maisuak sailean, «Bluebeard» eta «Detour».

Fitxa

Jaialdia: FANT zinemaldia.

Non: Capitol Zinemak + San Frantzisko Udaltegia eta Fnac (Bilbo).

Noiz: Maiatzaren 3tik 9ra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo