GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Alpinismoa Colin Haley

Alaskara joan aurretik, prestaketa berezia Alpeetako mendietan

Colin Haley estatubatuarrak hainbat aste egin ditu Alpeetan. Mont Blanc du Taculeko «Supercouloir» bidea bakarkako lanean igo du. Egun bakarrean eta Nils Nielsen norvegiarrarekin sokadan, berriz, Les Courtes, Les Droites eta Aiguille Verte igo ditu.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Colin Haley ez da geldirik egoten den horietakoa. Patagonian eskalatu ondoren, azken asteotan Alpeetan izan da. Eta une honetan Alaskan behar du izan. Izan ere, Bjorn Eivind Artun suediarrarekin Foraker mendian igo gabe dagoen hego-ekialdeko pareta eskalatu nahi du.

Xede horretarako, alabaina, alpinista estatubatuarrak prestaketa berezia egin nahi izan du Alpeetan; hain zuzen ere, Mont Blanceko mazizoan. Jakina, Haley ez da edozer jarduerarekin konformatzen, eta egun bat bai eta bestea ere bai jo eta su ibili da.

Haleyk egin dituen eskalada interesgarrienen artean Mont Blanc du Taculeko «Supercouloir» bidea (5c, 800 m) dago; Gervasutti zutabetik hasita igo du. Ez du nolanahi igo, gainera: bakarkako lanean igo du.

Haleyk azaldu duenez, Aiguille du Miditik goizeko bostetan irten zen: «Gervasutti zutabetik hasi nintzen, baina aurreko egunean elurra egin zuen eta denbora asko pasa behar izan nuen elurra garbitzen. Zati hori espero nuena baino zailagoa egin zitzaidan. Zeuden baldintzak ikusita, neure burua aseguratu behar izan nuen ia pasarte guztietan. Horren ondorioz, espero baino denbora gehiago pasa nuen bidean. Ondoren, `Supercouloir' bidean sartu eta soilik lehen luzean (mistoa) aseguratu nintzen. Bidearen zatirik gogorrena, berriz, Gervasuttiko hasiera baino baldintza hobean zegoen. Gustura sentitu nintzen era librean eskalatzen. Justu bada ere, eguneko azken teleferikoa hartu ahal izan nuen. Lagun batek Fitz Royko `Supercouloir' marra bakarrik igo ondoren, azken hau aise egingo nuela esan zidan. Aldiz, Taculeko igoera ere gogorra izan da, besteak beste, aldez aurretik ezagutzen ez nuelako. Hori bai, Fitz Roykoa gogorragoa iruditu zitzaidan».

Hirukoa egun bakarrean

Ez da izan Haleyk Alpeetan sinatu duen jarduera bikain bakarra. Egun handi horietako bat sinatu nahi zuen, eta Nils Nielsen norvegiarrarekin Alpeetako urrezko garaietan pil-pilean zegoen xede bati ekin zion. Les Courtes, Aiguille Verte eta Les Droitesek osatzen duten triada edo hirukoa egun bakarrean eskalatu zuten.

Erresistentzia sendotu nahi zuen Haleyk, jakin badakielako Foraker mendian ordu piloa pasatu beharko dituela eskalatzen. Apirilaren 17a zen. Nielsen eta Haley goiz hasi ziren esku artean zuten asmoarekin: hiru gailur eta bi ipar horma. Guztiak ala guztiak ezagunak ziren estatubatuarrarentzat, eta, beraz, bide bakoitzaren nondik norakoak zehaztuta zituen.

Aiguille Verte igotzeko «Couturier» korridorea (IV, D, 1.000 m) aukeratu zuten. Les Droitesen, berriz, «Couloir Lagarde» (IV, 3, 1.000 m). Eta, Les Courtesen, «Suitzarren Bidea» (III, 3, 800 m). Azken biak ipar aurpegiak dira.

Alpeetan igaro dituen asteetan beste jarduera batzuk ere egin ditu Haleyk. Nielsen norvegiarrarekin elkarlanean, Les Droiteseko ipar aurpegiko «La Ginat» bidea (IV, 5, 1.000 m) igo zuen bost ordu eta erdian. Ez zuten gailurrik egin, beraien asmoa zeharkaldia egitea baitzen; hots, Les Courtesera igotzea. Bertatik eskiekin jaitsi ziren.

Colin haley

Alpinista estatubatuarra hainbat astez izan da Alpeetan, eta makina bat jarduera interesgarri egin ditu: Taculeko «Supercouloir» bidea bakarkako lanean igotzeaz gain, Aiguille Verte, Droites eta Courtes egun bakarrean igo ditu sokadan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo