GARA > Idatzia > Ekonomia

Eneko Goya diputatuaren kargu uztea exijitu du ezker abertzaleak

GARA | DONOSTIA

Ezker abertzaleak Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Eneko Goyaren kargu-uztea exijitu zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Azaldu zuenez, 1999 eta 2003 artean Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatu Antton Market-en aholkularia izan zen Goya, Victor Bravo Ogasuneko zuzendari nagusia izan zen garaian hain zuzen ere. 2009. urteko uztailean Fiskaltzak sei pertsonaren aurkako salaketa aurkeztu zuen Gipuzkoako Ogasunaren aurka hainbat delitu egotzita. «Bera ere administrazio ustel horretan zegoen» esan zuen ezker abertzaleak Goyari buruz.

«Ez dakigu zein zen bere zeregina, baina ez zen gardentasun fiskala bultzatzea eta iruzurraren aurkako borroka indartzea izan», gaineratu zuen. Finean, «onartezina iruditzen zaigu Eneko Goya bezalako pertsonak, iruzurraren urte beltzetan Ogasunean konfiantzazko karguak izan zituztenak, gaur egun foru gobernuan maila goreneko ardurak mantentzen jarraitzea», salatu zuen. Era berean, «Glass auzia» ikertzeko Gipuzkoako Batzar Nagusiek sortu zuten ikerketa batzordeaz ezer gutxi espero duela adierazi zuen ezker abertzaleak.

Izan ere, Batzar Nagusiek «Glass kasua», baita Irungo Ogasunaren inguruko ikerketa ere, Gipuzkoako Ogasunean egin zen iruzur multzotik banatzea erabaki izanak «egin zen iruzur osoari heltzeko interes eza» erakusten du, ezker abertzalearen iritziz. Era berean, «apartheid politikotik» osatu ziren Batzar Nagusietatik ezer espero izatea zaila dela baieztatu zuen, eta, hain justu, ezker abertzalea baztertzeak horrelako jardun usteletan erantzukizun politiko eta pertsonalak argitu gabe geratzea errazten duela iritzi zuen.

Jarduera osoa ikertu

Hala, LAB sindikatuak eskatu bezala, eremu penalean irekita dauden espedienteetan inputatuta dauden pertsonei bateragarritasun printzipioa ez betetzeagatik zigor-txostena ireki diezaieten eskatu zuen ezker abertzaleak. Horrekin batera, Eneko Goya bezala, iruzurra egin zen garaian Aldundian erantzukizun funtzionalak edo aholkularitzakoak izan zituzten eta gaur egun erantzukizunezko karguak betetzen dituzten pertsonen kargu uztea exijitu zuen. Azkenik, Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohi Victor Bravoren jarduera osoa ikertu dadila eskatu zuen.