Garbitania Zero Zabor elkartea aurkeztu dute atez ateko sistema bultzatzeko
Donostiako Auzitegiak emandako sententziari erantzun dio Hernaniko alkateak, atez atekoak aurrera jarraituko duela esanez. Era berean hernaniarrak zoriondu ditu lehenengo egun hauetan egin duten lan apartagatik, eta lortutako emaitza positiboak aipatu ditu.Nagore BELASTEGI |
Marian Beitialarrangoitiak, Hernaniko alkateak, Aitor Etxeberriak, Oiartzungo alkateak, eta Xabier Mikel Errekondok, Usurbilgo alkateak, Garbitania Zero Zabor elkartea aurkeztu dute, atez ateko zabor bilketa errazteko asmoz sortua. Donostiako Auzitegiak emandako sententzia judiziala errekurrituko dutela esan du Beitialarrangoitiak, «sententzia honek ezin du atez atekoa gelditu gauzak legez egiten ari garelako», gehitu du.
Beitialarrangoitiak hernaniarrak zoriondu ditu, atez ateko zabor bilketaren ekimenaren aurrean azaldu duten baikortasunagatik. Hernaniko alkateak adierazi du oso pozik dagoela herritarrek zibismo erakustaldia egin dutelako eta erakutsi dutelako pixkanaka zabor bilketarako sistema berria aurrera eramateko gai direla.
Bestalde, Etxeberriak argi utzi du Garbitania Zero Zabor elkartea enpresa publiko bat dela eta erakunde publikoei laguntzeko sortu dela. Esan du bere helburua ez dela Sanmarko Mankomunitatea ordezkatzea. Oiartzungo alkateak esan duenez, Garbitania elkartearen xedea birziklapena sustatzea da, eta Sanmarko hasieratik agertu dela sistema berriaren alde. Gainera, nabarmendu du Garbitaniak ez duela Usurbil, Hernani eta Oiartzun gainerako herrietatik isolatzeko asmorik.
Marian Beitialarrangoitiak birziklapenaren aldeko apustua egin du, ekologia bultzatzen duela eta merkea dela esanez. «Lehen Usurbil bakarrik zen, orain Usurbil eta Hernani, eta laster, pixkanaka-pixkanaka, gehiago izango gara», esan du Hernaniko alkateak Oiartzuni erreferentzia eginez.
Diputazioari kritika
Beitialarrangoitiak esan du Diputazioak enpresa pribatuen esku utzi duela Gipuzkoa, eta errausketa nola edo hala nahi duela. Errekondok salatu du Diputazioak Europatik dirutza bat ekarri nahi duela, Gipuzkoa hipotekatuz, kutsadura sortzen duen eta arazo ekonomikoak besterik ekarriko ez dituen errauste-instalazioa egiteko.
Hernaniko alkateak uste du Diputazioak autokonpostajearen aldekoak diren familiak diskriminatu dituela, horretarako behar diren kutxak erosteari ezetz esanez. «Orain Sanmarkok erosi beharko ditu», esan du. Usurbilgo alkateak berriz, konposta egiteko instalazioak eraikitzeko prozesua garestia dela esan du, eta Diputazioak hasiera batean eman behar zuen laguntza baztertu egin duela. Errekondoren ustez, hiru-lau herriko konpostaje-instalazio bat beharko litzateke arazoa konpontzeko.
Atez ateko sistemarekin gai organikoen %100 biltzen dira. Asteburuan, Hernanin Zarautzen baino hamar aldiz hondakin organiko gehiago jaso dute. Edukiontziekin baino diru gutxiago gastatzen da horrela.
Hernaniko alkateak ez du herririk aipatu nahi izan, baina Oiartzunen atzetik, beste dozena bat herri zabor bilketa sistema berria ezartzeko prest daude. Udazkenetik aurrera hasiko da atez atekoa zabaltzen.