GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lehen Mailako Buruz Burukoa

Asier Olaizola eta Barriola, irabazita ere, besteen menpe

Goizuetako aurrelaria buruz buruko lehietan ez da «inorekin fio» eta Leitzako atzelariak, berriz, aurrera egiteko ia aukerarik ez duela onartu zuen.

p039_f01_444x444.jpg

Jon ORMAZABAL

Ligaxka eran jokatutako txapelketek nahasmen dezente sor dezakete, batez ere azken jardunaldia jokoan dagoenean. B Multzoan ez da halakorik gertatzen, Xala sailkatuta dagoelako eta Patxi Ruiz/ Retegi Bi partidako garailea izango baita bigarren semifinalista. Asteburu honetan erabakiko den A multzoan, aldiz, gauzak korapilatsuagoak dira eta Martinez de Irujo da 14 tanto eginda, hurrengo kanporaketan egongo dela dakien bakarra.

Larunbatean Asier Olaizolak eta Abel Barriolak jokatuko duten partidak ez du inor erabat ase utziko, ez batak ez besteak ez baitute finalerdietarako txartela eskuan izango. «Sistema guztiek bezala, alderdi onak eta txarrak ditu. Nik irabazi arren, Oinatzek Irujo gainditzen badu, kanpoan geratuko naiz, nahiz eta nik beraren -Bengoetxea VI.aren- aurkako partida irabazi. Ligaxkak horrelako gauzak ditu. Hala jarri dute eta hala jokatu beharra dago», azaldu zuen Asier Olaizolak.

Martinez de Irujoren aurka 17-4 irabazten ari zela dena esku eskura zeukan, baina bat-batean ihes egin zion eskutik. «Ondo ari naiz jokatzen. Irujoren aurka 17ra arte oso ondo aritu nintzen, gero urduri jarri eta erabat blokeatu nintzen. Ondo bideratuta neukan, baina horrelakoak gertatzen dira batzuetan. Ez da ez lehen aldia ez azkena izango horrelako zerbait gertatzen dena eta jarraitu beharra dago», onartu zuen Goizuetakoak.

Gauzak are eta ilunagoak ditu Abel Barriolak. Berak ere egungo txapeldunak bere herrikideari irabaztea beharrezkoa du, baina badaki Asier Olaizola 5ean utzi behar duela gainera aurrera egin ahal izateko aukerak mantendu nahi baditu. «Ondo sumatzen dut neure burua, animatuta. Ondo dakit nire aukerak oso murritzak edo ia ezinezkoak direla, baina ni dena ematera irtengo naiz. 22ra iristea da nire helburua eta ea zer gertatzen den».

Saskian aurkitu zuten materialarekin ez zuten inolako kexurik izan.

 
Blokeatuta

Martinez de Irujoren aurka 17-4 irabazten ari zela, «urduri jarri eta blokeatu» egin zela esan du Asier Olaizolak. Dena dela, «horrelakoak gertatzen dira», bere hitzetan. «Ez da ez lehendabiziko aldia ez azkena izango», esan zuen.

Atano III.a

Igandeko partidara begira, Donostiako Udaleko langileak Atano III.aren errebote inguruko ezker paretak zituen pitzadura batzuk konpontzen aritu ziren. Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruiz bertan entrenatu ziren atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo