GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zaborreko burtsa beltzak

Krisirik larriena pertsonen materia grisa zuritu egiten duena delakoan nago. Azken finean grisa denak oraindik ere badu aukera, argirik ilunerako trantsizioan, noiz edo noiz beltza izateko, baina zuria izatera heldu denarenak egin du! beltzik ez du horrek ezagutuko, zoritzarrez. Lakuako Gobernu zer horren azken webkeriaren harira etorri zait burutazioa. Bai, internetek aurrea hartu du biolentzia zer horren kontrako borroka zer horretan. Gauzak horrela Interpoleko funtzionarioek langabeziaren estatistika gizentzeko bidea hartuko bide dute, edo, batek daki! futbol-talde bat osatuko, euren jatorriari eusten segitzeko. Tira, harira! «www» berria abiatu ei dute Arkautetik, Ertzaintzak ertzak zaintzeko bidean kaletarren artean bidaide aproposak topatzeko irrikitan. Eta diotenez bideoa eta guztiz eskegi dute web horretan! Bideoclipa edo. Egia esan nire atzamarrek uko egin diote horretarako tekla sakatzeari, beraz entzunez baino ez dakit horretaz entzun dudan apurra. Nonbait sherpa bat ageri da terrorista, ikurrina eskuan eta aurpegiaren parte bat estalita, mendiren batean probokazio itxuran edo; bai, aste honetan hogeita hamar urte gehiago duen horrek terrorismo bidean segitu dezake, adi beraz, ez eman oxigenorik horri. Pentsatu egiten dut hainbatek kolaboratuko duela web horretan. Ikastola ondoan bizi eta gaur biktimarik sartzen ikusi ez duena, kasurako. Edo pertsona bat atez ate zaborrak biltzen ikusi duena. Edo magrebiar bat seme-alabekin euskaraz egiten entzun duena. Edo, batek daki! atxilotu-etxe batera bainuontzi berria eskuan sartzen ikusi duena. Hain zen zabala Getsemaniko baratza! Tira, atez atekoa atera zaidala. Bai gero kalentura pentsamendu bakarrekoei aterea biltze-sistema horren kontra! Epaitegira ere joak dira, eskizofrenia eta guztiz. Ez dut ulertzen, atez atekoarekin poltsa beltz gehiago izango dute hurrengo alardeetan zumardian banatzeko. Ene, ene! kakaztua beltzaren izaera ona! Zaborrak zabor, espekula berba entzun eta buruan drakula hitza ageri zait, bakoitzak xurgatzeko era propioa duela. Espekulatzaileen aurka jesarri dira gobernuak egunotan. Uuuu! seguru beldurtu dituztela! Burtsak berak ere kakatan ei dira horrezkero. Burtsa beltzak beti ere, zaborrik zaborrenerako aproposak. Noiz ikusiko espekulatzaileen erretratuak aireportuetan eta interneteko bideoclip ofizialetan?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo