GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nekane Zubitur eta Beñat Amenabar Hernaniko Atez Atekoaren Jarraipen Batzordearen izenean

Hiri hondakin solidoen kudeaketa eraginkor eta jasangarriaren alde

Metodologia horrek hiritarren ardurakidetasuna suposatzen du, aukera bat guretzat eta gure etorkizunarentzat; hori hiri hondakin solidoen atez ateko gaikako bilketa da

Hondakinen %15 berreskuratzea, berauen sorkuntzaren etengabeko hazkundea eta honekin batera amaierako tratamendu arriskutsu eta oldarkorrak diren isurketa eta errausketa elkartzen baditugu, alternatibak planteatzen hastea beste erremediorik ez dugu, prebentzioan eta arretan oinarritutako egoera jasangarriago eta zentzudunagoetara eramango gaituztenak.

Jasotzean zaborraren gai desberdinak nahasten dituen kudeaketa ereduak, berreskuratze eta birziklatze handiagoa eragozteaz gain, zabortegiak betetzen ditu, oldarkorrak eta osasunaren kontrakoak bilakatzen ditu, eta amaierako eta arriskutsuak diren trataerak justifikatzen ditu.

Bestalde, jatorrian gaikako jasotze politikek hondakin bakoitza banatuta tratatzea ahalbidetzen dute. Birziklatzearen inguruko kultura eta hezkuntza faltak eta gizalegezko konpromiso ezak gai bakoitzean material «desegoki» ugari agertzea areagotzen du. Material hori gutxitzea helburu garrantzitsu bilakatu beharko litzateke. Atez ateko bilketa sistemak hori lortzen du.

Estatu espainiarreko Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren datuen arabera, 2007an 23,6 milioi tona zabor bildu ziren. Horietatik gaikako edukiontzietan jasotakoa %10 baino zertxobait gehiago zen (2,7 milioi tona).

Horren aurrean, orain dela hogei urte baino lehenagotik, badago emaitza positiboak lortzen dituen metodologia bat, hain zuzen ere gaikako bilketa. Emaitza horiek, birziklatze tasan (merkaturatzen diren produktu osoaren berreskuratze portzentajea), gai desberdinen atal desegokiaren gutxitzean eta berezko zaborraren (errestoa edo erreusa) gutxitzean azaleratzen dira.

Metodologia horrek hiritarren ardurakidetasuna suposatzen du, aukera bat guretzat eta gure etorkizunarentzat; hori hiri hondakin solidoen atez ateko gaikako bilketa da. Konpromisoa eskatzen du, ohitura batzuk, baliabideak birziklatzeko beharraren kultura, galdu behar ez duguna. Zaborraren arazo errealak eta konpondu beharrekoak geure buruaren aurrean jartzen gaitu.

Horregatik gaude ondorengo aurrebaldintzetan oinarritutako hiri hondakinen kudeaketa eredu jasangarri baten alde:

Eskuraketak, kontsumoak eta desegiteak suposatzen duten prozesu lineala prozesu zirkular batean eraldatzea; horrela hondakin (baliabide) gehienak materialki baloratzen dira, berriro produkzio zikloan sartuz.

Europako Araudi Esparruak (CE/08/2008) azaltzen duen hierarkia errespetatzen duena: prebentzioa gutxitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea. Zabortegian bakarrik erreusa edo erabili ezin den atala isuriz. Indarrean dagoen legedia betetzea atal organiko edo biodegradagarriari dagokionez, gaur egun nabarmen betetzen ez dena.

Baliabideen berreskuratzea handitzea, enplegua sortzea. Osasunean eta ingurumenean izan dezakeen eragina eta hiritarrengan eta etorkizuneko belaunaldiengan izan dezakeen kostua (zuzena eta zeharkakoa) txikitzea.

Udal sistemen gaikako bilketa eta beraien ezaugarrien etengabeko ebaluazioa eta azterketa eta hobekuntza prozesu baten bidez bere eraginkortasuna bultzatzea. Lortutako emaitzak erakutsiz, bere aplikagarritasuna eta egokitasuna frogatzea, unean uneko eta interesatua izan daitekeen borroka politikotik aldenduz.

Bizilekuetatik ateratzen den erreusa edo errestoa tratatzeko aukerek ingurunean izan ditzaketen eraginak erakunde profesional eta independente batek aztertzea, horrekin batera «zero zabor» kontzepturantz bideratuko gaituzten dinamikak eta jarduerak bultzatuz.

Errausketa sostengatzen duten publizitate kanpainek ezin dute ordezkatu atez atekoak suposatzen duen ingurumen hiritar eta gizabidezkoa den hezkuntza kanpaina, sistema honek prebentzioan eta berrerabilpenean eragiten baitu. Merezi du eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo