Europar Parlamentuko piratarik gazteena, Amelia Andersdotter
Pentsatu lore merkatu batean zaudela. Eta lore horien artean ibiltzen zoazela bat hartzea erabakitzen duzula. Jo dezagun lore horren truke ez duzula ezer ordaindu behar eta, gainera, berarekin nahi duzuna egin dezakezula. Orain pentsatu lore horiek kultura direla. Lore bakoitza abesti bat, film bat edo koadro bat dela, eta zuk aske hartu ditzakezula nahi dituzun bezala erabiltzeko. Hau da, hain zuzen ere, Suediako Alderdi Piratak proposatzen duen ideia. Amelia Andersdotter-ekin hitz egin dugu, Europar Parlamentuko diputatu gazteenarekin.
Nagore BELAUSTEGI
Maerkatuan dagoen kultura herritarren eskura izatea da Suediako Piratpartiet Alderdi Piratak proposatzen duen ideia nagusia. Alderdi hau 2006ko urtarrilaren 1ean sortu zen, eta hiru urtetan herrialdeko hirugarren indar politikorik boteretsuena bilakatu zen. 2009ko ekaineko hauteskundeetan Europako Parlamentuan eserleku bat lortu zuen, Christian Engström-eri dagokiona. Geroago, Lisboako Itunaren ondorioz, beste eserleku bat irabazi zuen. Oraindik ez du erabat berea egin eserlekua, Lisboako Itunari esker sartuko diren hamalau parlamentari berriak parlamentari oso noiz egingo diren ez delako oraindik erabaki. Baina, izatez, bada jada.
Eurodiputatu berri honen izena 2009ko abenduaren 1ean ezagutu genuen: 22 urte besterik ez ditu (Parlamentuko gazteena) eta Amelia Andersdotter izeneko ekonomia ikasle bat da. Bere ibilaldi politikoa Ung Pirat pirata gazteen alderdian hasi zuen, eta Piratpartiet-ren programa politiko europarraren garapenean lagundu zuen. Alderdiaren helburu nagusia jabetza intelektualaren lege europarra eraldatzea da, copyright eta patenteak kontuan hartuz. Horretarako jabetza eskubideen babes neurrien murrizketa nahi dute. Beraien ustez eskubide hauek aldatzean autoreek beste motibazio bat izan behar dute kultura sortzerako orduan.
Alderdiak hasieratik argi izan du zer lortu nahi duen eta domeinu publikokoak diren organizazio, copyfelt eta software askearekiko errespetua erakutsi du. Copyleft delakoa Copyright-aren kontrakoa da. Pertsona batek lan original bat eskuratzean hura nahi duen bezala erabili, nahi dituen kopiak banatu eta nahi duen modura eraldatu dezakeela dio Copyleft printzipioak. Adibidez, musika diska bat erosten duen pertsonak, bere tabernan jar dezake bezeroek entzun ahal izateko, bere lagunarentzat kopia bat egin dezake eta bere abestirik gustokoenaren erritmoa zein letra aldatu diezaioke, eta inorrek ezin dio ezer esan, diska hori erosterakoan eskubide horiek ere erosi dituelako.
Nahiz eta Piratek jabetza eskubideen garrantzia txikitzea eskatzen duten, pertsonen pribatutasuna indartzea ere dute buruan. Askotan webgune batean sartzerakoan gure datu pertsonalak eskatzen dizkigute. Datu horiek webgunearen esku gelditzen dira, eta azkenean toki batetik bestera doaz, datu pertsonal horiek publiko bilakatuz. Alderdi Piratak datu pribatu horien babesa indartzea nahi du.
Ideia hauek aurkezterakoan Piratpartiet-ek sekulako arrakasta izan zuen Suedian, eta alderdi berde, moderatu eta ezkertiar tradizionalek copyright-ari buruz zuten ideologia aldatzea lortu zuen. Lehenengo Piraten Alderdia Suedian sortu zenetik 33 herrialdetan sortu da Piraten ekimenen bat, eta gaur egun 14 herrialdetan dago erregistratua.
Herrialde desberdinetan Piratak egotea garrantzitsua da, Europan zehar beraien jabetza intelektualaren kontrako ideiak zabaltzeko. Amelia Andersdotter-ek dio Europako Parlamentutik pasatzen diren gai ugarik horrekin zerikusia dutela. Izan ere, informazio eta komunikazioen garapen industrialaren teknologia (ICT), kanpo merkatua (eta ez bakarrik europarra, transatlantikoa ere bai) eta segurtasun neurrietan lankidetzako gaiak Piratpartiet-ren politikaren eremuan sartzen dira.
Amelia Andersdotter-en esanetan, momentuz duten parlamentuko kide bakarra telekomunikazioen sektorearen erregulazioan (2009ko udazkena) eta Faltsutzearen Kontrako Hitzarmen Komertzialean (ACTA) parte hartu du 2010ko udaberrian zehar. Dioenez, Christian Engström parlamentaria jabetza inteletualaren eskubideei eta garapen industrialean duen eraginari buruzko hitzaldi askotara joan da.
Andersdotter-ek, berriz, oraindik ezin izan du bere parlamentuan duen eserlekua erabili. Hala ere, bere gaztetasunak ez dio bertan egoteko aukera kendu, eta laster Europa osoaren aurrean Piratpartiet-ren alde egiteko gai izango da. Neskak uste du bera Europako Parlamentuko kidea izateak gazteek europa mailako politikan parte hartzen dutela irudikatzen duela. «Zoritxarrez, hau ez da oso ohikoa», tamaldu du.
Garapena eta gardentasuna
Suediarrak uste du behar beharrezkoa dela onartzea jabetza intelektualaren legea, komunikazioen teknologia eta informazioa, eta pribatutasunari buruzko kezkak erregelamenduaren atal guztietan dutela eragina. Horregatik, geroz eta zailagoa da jabetza intelektualaren eskubideak ez dauden sektoreak aurkitzea, eta etengabeko ahalegina dago ITC etxebizitzan, garraioetan, energia horniduran, telekomunikazioetan, merkatu elektronikoan, gobernuaren gardentasunean, edo nahi duzun tokian. Era berean, aplikazio arauak ez dira behar bezain zabalak, edo teknologiaren inplementazioak ez ditu pribatutasuna babesteko behar diren neurri egokiak.
GARAri adierazi dioenez, oraingo erregulazioarekin gure datuen irteera kontrolatzeko dugun eskubideari uko egiten diogu, eta era berean, garapen natural bat gelditzen ari gara. Bere ustez, Europak ez du dirua behar bezala erabiltzen, eta horregatik erabiltzaileak ez daude behar luketen bezain prestatuak: «Batasuneko diru kopuru handiak erabiltzen dira teknologiaren eta arauen garapenerako, eta guzti hori zertarako? Erabiltzaileen prestakuntzarako? Ez dut uste», gaineratu du. Andersdotter-en esanetan erabiltzailei ardura gutxi eskaintzen zaie, prestatuta nola egon behar diren dioten erabilerarik gabeko adierazpenekin baina erantzun nabarmenena eman gabe: teknologiaren garapenean eta erabileran gardentasuna.
Zer egin dezakezue Europar Parlamentutik erantzun horiek bilatzen laguntzeko? Zein da Europar Batasunari egin nahi diozuen ekarpena?
Arreta handiagoa behar du ICT-en gizarteko sektore guztietan sartzeak. Oraindik garapen industrialagatik asko egin daiteke. Egia esan, Europar Batasunaren gardentasun instituzionalari gardentasuna falta zaio, ez bakarrik merkatu hitzarmenei dagokienean (hau akats larria da, maila globalean dauden kontuak, sakontasun eta garrantzi handiko kontuak, kontrol demokratikotik kanpo gelditzen dira -negoziazio guztiak, birtualki, gobernu edo gobernuz gaindiko mailan ematen dira-), baita instituzioen arteko mailan ere.
Uste duzu teknologia berrien garapenak Piratpartiet-ren arrakasta handitzen lagundu duela?
Europa mailan teknologia berrien garapen politikaren erdigunean dago gure alderdia.
Etorkizuenan zein Europar Batasun gustatuko litzaizuke ikustea?
Irekitasunari, gardentasunari eta erabiltzaile eta teknologia garatzaile txikientzat prestaketari zuzenduriko Europar Batasuna. Bereziki, eskala-txikiko erabiltzaile-garapena desabantailan dago gaur egun indarrean dagoen erregulazioaren arabera.
Jabetza legeak geroz eta indartsuagoak dira egunez egun. Uste duzu gain egingo dutela eta bere indarrez desagertuko direla?
Jada gertatzen ari da: teknologia berrien erabiltzaileen pentsamoldea eta iraganeko teknologien erabiltzaileen pentsamoldea guztiz desberdinak dira. 60ko hamarkadatik honuntzako jarraipena egin dezakezu, edo agian «The Pirate's Dilemma» liburuari begirada bat bota beharko zenioke.
Jendeak kontsumoan pentsatuz bakarrik sortzen al ditu gauzak gauzak?
Ez. Hori esango banu ezagutzen dudan jende sortzaile guztia iraintzen arituko nintzateke.
Zuen ekimenak aurrera badoaz, kulturan interesa duten pertsonen kopurua handitu egingo da?
Egia esan, bai. Oraingo legeari aurre egiten dion joerari buruzko datu estatistikoek frogatzen dute. Piratpartiet-ek gaur egungo gizartearekin bat datozen legeak nahi ditu, eta kulturaren garapenean interesa duen jendearekiko zigorrak gelditzea nahi du.
Uste duzu gizarteko kultura maila eta auto-ikasketa kopurua handitu egingo dela?
Jada, handitu da.
Nola erreakzionatu behar dugu gure itsasontziaren baldintza aldakorren aurrean? Piratak gu suntsitzeko edo salbatzeko daude hemen? Eraso behar dugun mehatxu bat, edo ikasteko asko eskaintzen diguten pertsona berritzaileak dira piratak?
Hau da “The Pirate’s Dilemma” liburuan aurkezten diren galderak. Amelia Andersdotter-ek gomendaturiko liburuak zenbait gai jartzen ditu irakurlearen aurrean, lasaitasun osoz Piratpartiet-ren printzipioak begi bistan jarriz.
Sarrera irakurtzerakoan politikari buruzko liburu bat baino gehiago, eguneroko gertaeretan oinarritutako nobela bat dirudi “The Pirate’s Dilemma-k”. Modu arinean dago idatzia, Alderdi Piratan interesa izan ez arren erraz irakurtzeko modukoa. Amelia Andersdotter-ek ustez, batzuetan izan litzakena baino ametsetakoagoa da, baina irakurketa atsegina da benetan XX. mendeko lankidetzako mugimendu eta iraultzaileen jarrera aldakorrei buruz gehiago jakin nahi baduzu.
Liburuaren funtsa mundua aldatzen ari den gazteen kulturaren indarrean dago. Nahiz eta gazteen kultura etengabe aipatu, Andersdotter-ek dio adineko jendeak ere Piraten alde bozkatzen duela eta gizartearen eraldaketa ez dela belaunaldi gazteenean bakarrik ematen. «Gainera, komenigarria da esatea: gazteen iraultza bat delaren `ezarritako´ itxura ematen du, aldaketaren paradigma bat baino», azpimarratu du. Azkenean, liburuak transmititu nahi du gizartea eraldatu bada, informazioa erabiltzeko moduak ere eraldatu behar direla.
Piratpartiet-ren ideia politikoak biltzen dituen «The Pirate's Dilemma» liburua esaldi honekin hasten da: «Jakinduria herrikoiaren indarraren lekuko izango zara», Dr. Dre, 1988.