GARA > Idatzia > Kultura

«Bertako eta atzerriko bi pertsonen jarrera ezberdina islatzen dut»

p058_97x132.jpg

Yurre Ugarte

Idazlea eta gidoigilea

Gidoigile lanetan urteak eman ditu Yurre Ugartek (Tolosa, 1965) eta bere lehenengo liburua kaleratu berri du Alberdania argitaletxearekin. «Gasolindegian» izenburupean, Euskal Herrian gertutik gertura bizi dugun kultura aniztasunari keinu bat egin dio Errumaniako gizaseme eta bertako emakume baten arteko harremana oinarri hartuta.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Euskal Herrian gero eta ugariagoa den kultura aniztasunari heldu dio Yurre Ugartek «Gasolindegian» bere lehenengo liburuan, Alberdania argitaletxearekin kaleratu berri duena. Hala, Claudiu izeneko errumaniar gizonezko baten eta euskal herritar emakumezko baten arteko harremana hartu du oinarri lan horretan. Irunen girotua, jatorri desberdina duten bi pertsonek bizitzak planteatzen dituen erabakien aurrean zer nolako jokabidea duten erakusten du. Historia jarrai baten kontakizuna den arren, Ugartek zazpi ipuin edo zatitan banatu du bere lana.

Gure herrian gero eta ugariagoa den kultura aniztasunari keinu bat egin diozu eta, horretarako, kanpotar baten eta bertako baten artean sortutako harremana baliatu duzu.

Gaur egungo egoerak edo behintzat egungo errealitateak islatu nahi nituen. Etorkinen mundua gure ondoan daukagu eta, hor, etorkina gutariko bat balitz bezala tratatzen dut. Erabat kezkatuta dago (protagonista) hemengo bizitzari atera diezaiokeen etekinarekin eta hori alderatzen dut beste pertsonaiarekin, neskarekin; bera bertakoa da, eta beste modu batera erreakzionatzen du errealitateak dakarzkion arazoen aurrean. Bien arteko jarrera ezberdinak islatu nahi izan ditut bizitzan suertatzen diren egoeren aurrean. Hala, ikuspegi desberdinak badituzte ere, elkarrekin daude; ez dute hizkuntza zehatz bat erabiltzen, baina elkarren artean komunikatzeko gai dira, eta harreman bat sortzen dute.

Metafora bezala gure gizartea hartu dut aldagai gisa. Bi pertsona arrotzen arteko harreman bat, hizkuntza komunik ez dute, baina harreman bat mantentzen dute.

Baina nahiko istorio utopikoa da zure liburuan planteatzen duzuna.

Ez da ohikoa istorio bat, baina protagonistari bizitzak aukera batzuk ematen dizkio, eta aukera horien aurrean zer egiten duen ikusten da, guztioi gertatzen zaigun moduan. Pertsona bat ezagutzen duzunean zer egiten duzu? Aurrera jarraitu ala ez? Abenturan sartzen zara ala ez? Uste dut kontakizun guztian aurrera egitearen aldeko apustua dagoela, abenturan sartzearena. Aurrera egiten duzu ala gelditu egiten zara eta, kasu honetan, emakumeak aurrera egiten du.

Zergatik ipuin txikitan eta ez narrazio luze bezala?

Orain dela lau urte hasi nintzen ipuinak idazten. Nire bizitza orduan zegoen bezala, erabat fragmentatuta, eta egun batean buruan bizitza ezberdinen fragmentu pila bat ikusten nituela, ipuinaren laburtasunean aritzea eskatzen zidan neure buruak. Lehenengo bi ipuinak idatzi ondoren, konturatu nintzen sortzen nituen pertsonaiak, batez ere neskarena, horiek garatu nahi nituela. Beraz, pertsonaiak garatzen jarraitu nuen, baina ipuin formatuan, nahiz eta guztiek lotura duten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo