GARA > Idatzia > Ekonomia

Aldaketa soziala gauzatzeko tresna osatu du Herria Abian!-ek

150 bat pertsonak hartu zuten parte atzo Herria Abian! plataformak egindako batzar nagusian. Bertan, «aldaketa sozialaren norabidean baliagarria izango den» tresna aurkeztu zuten, zeinak burujabetza ekonomikoa eta herritarren parte hartzea bultzatzeko mekanismoak martxan jartzea funtsezko jotzen duen. Oro har, «eskubideen alde eta murrizketen aurka» mobilizatzeko deia egin zieten herritarrei, borrokaren «baliagarritasuna eta beharra» nabarmenduta.
p036_f01_148x100.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Aldaketa soziala bultzatzen duen Herria Abian! plataformak batzar nagusia egin zuen atzo Altzan. Norbanako nahiz eragile sozial ugaritako 150 bat kidek hartu zuten parte bilkuran eta denen artean «Euskal Herriak eta oro har munduak» behar duen aldaketa sozialaren norabidean «baliagarria» izango den «Aldaketarako Abiapuntua» izeneko tresna definitu eta aurkeztu zuten.

Batzarrari amaiera emateko irakurri zuten agirian, beste behin, aldatu beharreko egoera edo eredua zein den gogorarazi zuen Herria Abian!ek, gaur egun «planetako herri ezberdinei, tartean gureari, inposatzen zaien eredu ekonomikoa» hain zuzen ere. Izan ere, eredu ekonomiko neoliberala da Herria Abian!eko kideentzat mundu mailako «sakoneko arazoa».

Hala, eredu honen baitan planetako herrialde gehienek ezin dutela beren etorkizuna, arlo sozioekonomikoa tartean, erabaki baieztatu zuten. Aitzitik, «lapurreta inperialistara» zigortuta daudela. Izan ere, herritarrek ez dutela erabakiak hartzeko tresnarik salatu du bere sorreratik Herria Abian!-ek. Adierazi zutenez, horren adibide dira gure herrian, besteak beste, «azpiegitura handien inposizioa, herritarren parte-hartze eta antolaketari jarritako oztopoak, auzi publikoetan izaten den informazio eta eztabaida gabezia nahiz gezurrezko elkarrizketa sozialak».

Azken urteetan gainera, erasoak areagotzen ari direla ohartarazi zuten, «inposaketak eta eskubideen murrizketak kasu». Hala, egun, eta krisi egoeraren aitzakiapean, elite ekonomikoak «gure indarra neurtzen ari dira eta jauzi kualitatibo bat emateko hautua egiten ari dira», esan zuten, zehazki, «oraindik indarrean mantentzen ditugun oinarrizko eskubideen gaineko eraso orokorra» prestatzen ari direla baieztatu zuten Herria Abian!-eko kideek.

«Noraezean nahi gaituzte»

Bien bitartean, «noraezean eta shock egoeran murgildu nahi gaituzte, geldiarazi eta zatitu; horrela eman ditzakegun erantzun bateratuak bertan behera gera daitezen», adierazi zuten.

Herria Abian!-ek berriz, bere sorreratik, Euskal Herria egunez egun aurrera ateratzen duten pertsonek bildu, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko aukera izan behar dutela defendatzen duela adierazi zuten.

Helburu hori erdiesteko sortu du orain aldaketa sozialerako plataformak «Aldaketarako Abiapuntua» deritzon tresna. «Pairatzen ditugun erasoei aurre egiteko eta beste mundu baten eraikuntzaren norabidean» borrokaren «baliagarritasuna eta beharra» azpimarratu zuten atzoko batzarrean halaber. Zentzu horretan, erakunde sozial eta sindikal guztiei dei egin zieten, «eredu hau oinarritik aldatu behar dela gero eta garbiago geratzen ari den honetan», liskarrak albo batera utzi eta guztiak batera, «blokean», herri honen gehiengo soziala osatzen dutenen defentsari ekitera.

BORROKA

Elite ekonomikoak oraindik indarrean dauden oinarrizko eskubideen aurka eraso orokorra gauzatzeko hautua egin dutela ohartarazi zuen Herria Abian!-ek. Zentzu horretan, «gure eskubideen defentsarako bidea borroka dela uste dugu», adierazi zuten.

LISKARRAK UTZI

Erakunde sozial eta sindikal guztiei dei egin zieten, «eredu hau oinarritik aldatu behar dela gero ageriago dagoen honetan», liskarrak albo batera utzi eta guztiak batera, «blokean», herri honen gehiengo soziala osatzen dutenen defentsari ekitera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo