GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Lur Gaineko Sokatira txapelketa

Gaztedik ezustea eman du Goiherriri irabazita, eta txapela lortzeko aukera gehien berak izango du orain

J.L.

Gaztedik eman du ezustekoa 680 kiloko Lur Gaineko Txapelketan, eta une honetan, eta pisu hau amaitzeko jardunaldi bat geratzen denean, sailkapeneko buruan jarri da, eta txapela lortzeko faborito nagusi bihurtu da, dena beren esku baitauka.

Bigarren jardunaldi hau oso lehiatua eta berdinketa ugarikoa izan zen. Gaztedi izan zen onena, baina Goiherriri irabazi zion arren, Mutrikurekin berdindu egin zuen. Gainerako taldeak mendean hartu zituen.

Bigarren postuan Goiherri eta Mutriku berdinduta geratu ziren, eta gipuzkoarrek ere oso itxura ona eman zuten. Hauen atzetik Areso sailkatu zen Goiherri B eta Getxo menderatuta, eta azken postuan amaitu zuten, berdinduta, Goiherri B eta Getxo taldeek. Gainerakoekin galdu egin zuten, eta elkarren aurka berdindu egin zuten.

Eguneko sailkapena puntuetan honela geratu zen: lehenengo, Gaztedi 6 punturekin; bigarren, Goiherri A eta Mutriku 4,5 punturekin; hirugarren Areso 3 punturekin; eta azken postuan berdinduta Getxo eta Goiherri B 1,5 punturekin. Jardunaldi baten faltan, sailkapena honela geratu da: lehenengo, Gaztedi 11 punturekin; bigarren, Goiherri A 10,5 punturekin; hirugarren, Mutriku 8,5 punturekin; laugarren, Areso 6 punturekin; zazpigarren, Getxo 3,5 punturekin, eta azken tokian, Goiherri B 2,5ekin.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzean Zierbenan abiatu zen Euskal Herriko liga, eta Txorierrik erabateko nagusitasuna erakutsi zuen saioa erraz irabazita. 204 zentimetro zulatu zituzten garaileek, eta alde handia kendu zieten gainerakoei. Bigarren postuan berdinduta geratu ziren Burdin Gazteak eta Kabiezes, eta biek 186,5 zentimetro zulatu zituzten. Horien atzetik Trapagaran sailkatu zen 185 zentimetrorekin; bosgarren, Gallarta 166,5 zentimetrorekin; seigarren, Las karreras 137rekin; zazpigarren, Errekatxo 135,5 zentimetrorekin; eta azkena, Kz Kolpeka, 69,5 zentimetro zulatuta. Azken hau da lehian ari den emakumezkoen talde bakarra. Liga honetan talde bizkaitarrak bakarrik ariko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo