GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Joaten ote dira Highgateko hilerrira?

Highgateko hilerrian, «Workers of all lands, unite» dioen Karl Marxen hilobitik oso gertu duen ehortz-lekuan, Ralph Miliband marmarka ariko da: «Ume kaiku hauek ez dituk ganorazko ezer egiteko gauza!»

Latza da benetan inori ez entzutea aitaren liburuetako bat (berr)irakurtzeko aukera ederra -ezin hobea, esango nuke nik- dela oraingo hauxe. Etsigarriagoa da, halere, itxura guztien arabera, halakorik bururatzen ez zaienen artean bi semetxoak daudela ohartzea.

Smolenskeko behe lainoaren menturaz Kaczynski bikien abentura politikoak amaitze bidean direla dirudienean, hara non Erresuma Batuan Gordon Brownen akabera politikoak azalarazi digun beste bikotea, elkarren lehian laborismoaren buru berri izan nahi duten David eta Edward Miliband anaia ez bikiek osatua. Eta bien arteko kidetasun zenbakaitzak (60ko hamarkadakoak direla biak, eskola berera joan zirela, ikasketa berdintsuak burutu zituztela, karrera politiko bertsua egin dutela Parlamentuan eta Blair-en eta Brown-en gobernuetan, David zaharrena beti aurretik...) azpimarratzen aspertu direnean, ekin diote hedabideek bien arteko desberdintasunak ere azalarazteari: David Blairite bat litzatekeela, eta, Ed, berriz, Brownite bat litzatekeela; Blairren barne politikako «sukalde» lan guztietan eta, gero, Foreign Office-n kiribiletan trebatutako anaia zaharrena gehiago dela politikagintzaren kudeaketarako, eta energia eta klima arazoetan espezializatutako gazteena, berriz, «teorikoagoa» dela eta abar.

Ikusiko dugu zer deritzoten horretaz guztiaz gainerako lehiakideek (Balls, Cruddas, Burnham...), Alderdi Laboristaren nomenklaturako kide zailduek eta alderdiko nahiz sindikatuetako hautesleek, baina orain artean Miliband jr. hauei, biei, aditu diedan guztia hitz bitan laburbiltzen dela iruditu zait: Next Labour. Blairren New Labour haren ordezkoa... ala jarraipen hutsa? Edonola ere, ez dirudi aho bete hortzekin geratzeko moduko egitasmo politikorik barneratzen duenik marka zaharberrituak. Eta horrek sumintzen nau. Miliband anaiek, aitaren liburuetatik, ideia politiko mordoxka plazara dezaketelako, Erresuma Batuak, eta laborismoak bereziki, bizi duen krisi sakonari aurre egiteko.

Ralph Miliband (1924-1994), Daviden eta Edwarden aita, XX. mendearen bigarren erdiko marxismoari eta sozialismoari ekarpen mamitsuak egin zizkion pentsalaria izan zelako, New Left deitu haren ildoan; bere garaiko laborismoaren kritikari zorrotza, Europa Ekialdeko «sozialismo errealarekiko» bezainbeste. Haren idazlanak («The State in Capitalist Society», «Class Power and State Power», «Socialism for a Sceptical Age»...) argigarriak gertatzen dira kapitalismo deslotuak eragin duen ilunpe ekonomiko eta sozial honetan. Vietnamgo gerraren aurka hark esan eta egin zituenak, bestalde, gogoangarri izan behar lukete bere semeentzat, behinik behin.

David, zaharrenari, aditu diodan txistetxoa izan da, haatik, aitarenganako aipamen bakarra: «'Zer egin ote dut oker nire bi seme laboristen Gobernuan egon daitezen' esaka ariko da». Apustu egingo nuke ezetz. Eta Highgateko hilerrian, «Workers of all lands, unite» dioen Karl Marxen hilobitik oso gertu duen ehortz-lekuan, Ralph Miliband marmarka ariko dela: «Ume kaiku hauek ez dituk ganorazko ezer egiteko gauza!».

Baina ez dut uste semeak hara asko joaten direnik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo