Leire Ibarguren eta Edurne Aranbarri Azpeitia
Azpeititik, Libe Yurrebasori mila esker
Legegintzaldi honen hasieran Azpeitiko Udalean Parekidetasun arloa sortu eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko lanean hasi ginen. Ikastetxeetan eta kalean emandako formazio saioen bidez, hezkidetza lantzeko proiektu bat atera nahi genuen aurrera. Zu eta zure lankidea aurkeztu zineten lehiaketara, eta zuentzat izan zen proiektua garatzeko ardura. Sexualitatearen eta hezkidetzaren inguruan ematen zenituen saioak lehendik ere ezagutzen genituen. Estereotipoak hautsi eta barneratuta ditugun hainbat mito iraultzeko hausnarketa benetan interesgarriak egiten zenituen. Pertsona gisa, patxada transmititzen zenuen, eta aditu gisa, berriz, barneratuta ditugun aurreiritziak agerian utzi eta gure kontzientzietan galderak sortzen ezin hobea zinen. Ziurtasun osoa genuen Azpeitian ere zer irakatsia bazenuela eta gaur egun zugandik asko ikasi dugun sentsazioa dugu.
Duela gutxi jaso genuen zure heriotzaren berri. Azkenean zugandik ikasitako guztia eskertzeko aukerarik gabe eta pertsona gisa zuganako estimazioa zeuri adierazi ezinik gelditu garela sentitzen dugu.
Ziur gaude, Azpeitian ere zure saioak jaso dituztenek asko ikasi dutela, zuk egindako lanak gure herria justuagoa izaten lagunduko duela eta emakume eta gizonen arteko harremanak parekideagoak izateko borrokan ekarpen garrantzitsua egin duzula.
Eskerrik asko, Libe, zugandik ikasitako guztiagatik eta Azpeitian egin duzun lanagatik. Zure lanak bere fruituak emango ditu. Musu handi bat eta mila esker.