Ana Aranburu Hernanin Zero Zabor
Zorionak, Hernaniko herria
Atez Ateko Bilketarekin (AAB) aldaketa martxan, zorionak eman nahi dizkiogu Hernaniko herriari. Zorionak hernaniarrei: kaleen itxura garbia ikusi baino ez dago, ohartzeko, Hernaniko gizon eta emakumeok badakigula gauzak txukuntasunez eta fundamentuz egiten. Zorionak hainbeste lan egin duten Udaleko agintari eta langileei; dagoeneko nabarmen ageri da ahaleginak merezi duela. Azkenik, zorionak eta eskerrak sistema berria herritarrei ezagutarazten ari diren Jarraipen Batzordeko boluntarioei eta hondakin organikoak etxeko konpost bihurtzen dituzten 700 familiei.
Laster hasiko gara hondakinak kudeatzeko sistema berriaren emaitzak ezagutzen, eta ziur orduan are arrazoi gehiago izango dugula pozteko eta zorionak emateko. Orduan ikusiko da posible dela, errauste plantarik gabe eta herritarrok lehengoaz gain gehiago pozoitu gabe, denon artean hondakinak modu egokian tratatzea. Maialen Lujanbiok bilkura batean esan zuen bezala, orain ikusi dugu ohitura aldaketa txiki baten balioa: «Eskuak zenbat lezakeen».
Segurutik lehenbiziko asteetan denok pazientzia pixka bat hartu beharko dugu. Herritarrokin Udalak pazientzia har dezala, egunak pasa ahala gure hondakinak hobeto bereizi eta zintzilikatuko ditugu-eta. Eta herritarrok pazientzia beharko dugu Udalak hasieran dena martxan jartzeko dauzkan ezintasunekin. Baina dena ondo lotu bitartean ere, dagoeneko badakigu AAB Hernanin bertan sistema erraza dela, merkea, garbia eta eraginkorra, eta aldatzeko esfortzuak merezi duela.
Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan begi asko daude Hernaniri begira. Asko dago jokoan herrian. Usurbilen gero, eta laster Oiartzunen. Hernanin erakusten ari gara AAB ondo eta erraz egin daitekeela herri handi eta hirietan; Gipuzkoan errauste planta pozoitsurik ez dugula behar. Denon meritua da, kolore eta pentsaera ezberdinekoak izanagatik herria txukun izan nahi dugun eta gure hondakinak zuzen kudeatzea nahi dugun hernaniar guztiona.