GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sakana, krisiak bereziki kolpatutako eskualdea, haren erantzuleen aurka mobilizatuta

Ez da Euskal Herrian krisiak gogor kolpatu ez duen bazterrik. Zenbait eskualdetan, gainera, bereziki gogor. Horietako bat da Sakana, azkenaldion Gamesaren Altsasuko fabrika itxi dutelako albiste izan dena. Albiste triste eta gogorra, inondik ere, fabrikako 150 lanpostuak ez ezik, eskualdean beste ehunka lanpostu ere deuseztatzea eragingo baitu ixteak. Eta Gamesakoak baino lehen, krisiak beste hainbat enpresatako langile ugari ere jaurti ditu langabeziara, eskualdeko langabezia tasa ikaragarria izateraino. Hala ere, krisiak izen-deiturarik ez duenez, badirudi inor ez dela egoeraren erantzule. Eredu neoliberalaren onuradunek, finantza eta enpresa munduko buru aseezinek, ordea, badituzte izen-deiturak. Eta gobernuen erantzukizuna ez da txikiagoa, beraiek sostengatzen baitute eredu hori, beraien politika ekonomikoa krisia etekinak ateratzeko erabiltzen dutenen zerbitzukoa baita. Urrunera gabe, Nafarroako Gobernuak 70etik gora lan erregulazio espediente onartu ditu Sakanan bakarrik. Horiek horrela, herritarrak antolatu eta erantzuna eman beharrean dira. Horregatik, Sakanan etzirako deitu duten lanuztea eta mobilizazioak arrazoizkoak ez ezik, beharrezkoak ere badira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo