GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako Udala, hamairu hilabetez desagertuta Jon Anza auzokidearen auzian

Beste behin, Jon Anzaren heriotzaren nondik norakoak argitzeko eskatzeko eguna izan zen atzokoa; izan ere, hamahiru hilabete betetzen ziren donostiarra desagertu zenetik. Tarte honetan Donostiako Udalak txintik ere ez du esan; ezker abertzaleak abiatu zuen eztabaida ezerezean geratu da.

p017_f01_250x124.jpg

Janire ARRONDO

Dagoeneko jakina da Donostiako Udalaren egitekoen zerrendan ez dela Jon Anzaren izenik ageri. Udal arduradunentzat kasu horren inguruan ez dago aztertzeko eta argitzeko ezer. Donostiarraren heriotzaren inguruko zalantza eta galderak baina, ezin dira hala-hola alboratu; gehiegi ezkutatzen dute ahanzturan gelditzeko. PSEk eta PPk urtebete baino gehiago eman dute gaia albora- tzen, horrek errealitatea ezabatuko duen zain bailiran. Itsu, gor eta mutu.

Udalaren jokabidea aldarazi eta gai honetan ardurak har ditzaten, ezker abertzaleak martxoan ¯Anzaren gorpua Tolosako gorputegi batean agertu zela jakindakoan¯ Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei bilkura baterako deia egin zien. PPk eta PSEk bilkurari muzin egiteaz gain, azken hauek gainontzekoek ere egin ez zezaten Ertzaintza eta Udaltzaingoa deitu zituen udaletxera sarrera oztopatzeko. Hala ere, EAJko eta Aralarreko ordezkariekin biltzea lortu zuten ezker abertzaleko kideek.

Jon Anzak Euskal Herria utzi zuenetik haren gorpua Tolosako gorputegian agertu zenera arte gertaturikoaren errepasoa egin eta bitarte horretan Baionako fiskalak bertsio ofizial gisa agerturikoa jarri zuen mahai gainean ezker abertzaleak. Are gehiago, Polizia frantsesak gertatutakoari buruz egindako kontaketan zintzilik geratutako datu eta zantzuak ere agertu zituzten. Hala, hainbat eskaera egin zizkion ezker abertzaleak Donostiako Udalari: Baionan irekitako eginbide ju- dizialekin bat egin eta akusazio partikularra bere gain har dezala, epaileari «ikerketa sakona» egiteko eska diezaiola, familiari babesa eman diezaiola eta, Anza donostiarra zela kontuan izanda, haren aldeko omenaldiak babes ditzala. Bai eta, «Jonen heriotzaren arduradunak zeintzuk diren argitzeko exiji dezala» eta eskaera eta konpromiso guztien inguruko berriak publiko egin ditzala ere.

EAJ, Aralar-Alternatiba eta Eusko Alkartasunak gaia Giza Eskubideen Batzordean tratatzea eskatu zuten eta ezker abertzaleari batzordea noiz bilduko zen berri emango ziotela hitz eman zioten; ohi bezala, Odon Elorzaren esku geratu zen batzarra deitzea. Apirilaren 26an, ezker abertzaleak eta Anzaren familiak jakin gabe, Giza Eskubideen Batzordea bildu zen. EAk ezker abertzalearen eskariak jasotzen zituen idatzia aurkeztu zuen, baina, Odon Elorzak mahai gainean jar ez zedin egin zuen. Aralar-Alternatibak, bestalde, «idazki arinago» bat aurkeztu zuten. Dokumentuak batzordea Jon Anzaren «heriotza arraroaren» aurrean «kezka» agertzera, «ikerketa sendoa» egitea eta Nikolas Sarkozy presidente frantsesari «erantzukizun guztiak argitzea» eskatzera eraman nahi zuen. PSEk eta PPk aurka bozkatu zuten. Hor amaitu zen «eztabaida».

Udalak ez du beti horrela jokatu

Ezker abertzaleak argi du, baina, Donostiako Udalak «soilik interesatzen zaizkion biktimak» hartzen dituela kontuan. Hainbatetan, Udalak oraingo agintariekin ez bezala jokatu izan duela ohartarazten du ezker abertza- leak: Gladis del Estalen heriotzaren aurrean izandako jokabidea, kasu. Emakume donostiarra Guardia Zibilak tiroz hil zuen 1979an Tuteran, Iberdrolak Arguedasen eraikitzeko asmoa zuen zentral nuklearraren aurkako manifestazio batean.

Gertatutakoaren ondotik, Donostiako Udalbatzak «oraindik indarrean jarraitzen duen» mozioa onetsi zuten. Herri Batasunak aurkezturiko eta Jesus Mari Alkain (EAJ) alkate zuen udalbatzak aurrera ateratako idatzian, «gisako kasuetan» egin beharrekoak adostu zituzten. Tartean, ezohiko udalbatzarra deitzea, Udalak dolua agertzea eta familiari laguntza ekonomikoa zein juridikoa eskaintzea. Gainera, idatzi horretan jasotzen denez, «hirian Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren presentzia ez da gogokoa».

Oraingoan, ordea, «euskal gizarteak bere kezka adierazi duen arren», Donostiako Udalak ezer egin ez izana larritzat jotzen du ezker abertzaleak. Are gehiago, 1979an bezala, «Euskal Herriak okupazio indar armatuak gaitzesten» dituela diote.

Jon Anzaren kasuarekin zein frankismo garaiko biktimekin, Udalak «soilik interesatzen zaizkion biktimak dituela kontuan argi geratu da», ezker abertzalearen ustez.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo